Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren bidez, martxan jarri du “Bigarren hizkuntza bat zure eskura” kanpaina. Frantsesa eta alemana hutsetik ikasi nahi dituzten ikasleei zuzenduta dago kanpaina. Ikastaroak diseinatuta daude hizkuntza horietan aldez aurretiko ezagutzarik ez dutenentzat, 60 orduko iraupena dute eta 2025eko otsailetik maiatzera bitartean emanen dira. Izen-ematea “online” eginen da, eta epea zabalik dago jada. Ikastaroa probetxuz egiten dutenei matrikula itzuliko zaie.
Bi ikastaroei esker ikasleek oinarrizko gaitasunak eskuratuko dituzte ahozko eta idatzizko ulermenean eta adierazpenean, eta oinarrizko kultura-alderdiak ezagutuko dituzte. Saioak (astean bitan, eta ordu pare bateko iraupena izanen du bakoitzak) ikaskuntza praktiko batean zentratuko dira, eta ikaskuntza horrek bi hizkuntzetako bakoitza ikasteko bidean aurrera egiteko oinarri bat emanen du.
Matrikula itzultzea
Ikasleen parte-hartzea sustatzeko, NUPek aprobetxamendua sustatzeko sistema bat aplikatzen die hastapen-ikastaro horiei. Izena ematean, ikasle bakoitzak matrikula osoa ordaintzen du, baina, ikastaroa gaindituz gero, zenbateko osoa itzuliko zaio.
Izena emateko prozesua Hizkuntzen Goi-mailako Ikastegiaren webgunearen bitartez eginen da.