Joan eduki nagusira

Xabier Sandua Fernández industria ingeniariak (Uharte, 1997), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) INAMAT2 institutuko ikertzaileak doktoretza-lana egin du erakunde akademikoan estaldura fotokatalitikoen optimizazioan zentratutako tesi batekin. Teknologia horri esker erreakzio kimiko onuragarriak eragiteko erabiltzen ahal da argia. Estaldura fotoaktibo horiek garatu ditu bai argi ultramorearekin bai ikusgarriarekin, zeina eskuragarriagoa eta merkeagoa baita, ingurumen arloko funtsezko aplikazioak lortzeko, hala nola kutsatzaileak ezabatzea eta hidrogenoa ekoiztea, zeina energia iturri garbia baita.

zoom xabier sandua

Xabier Sandua Fernández, NUPeko doktore berria.

Fotokatalisia prozesu bat da, eta haren bidez zenbait materialek (kasu honetan, erdieroaleek) argiaren energia erabiltzen dute (normalean, ultramorea) erreakzio kimiko jakin batzuk eragiteko, eta erreakzio horiek “oso interesgarriak dira ingurumen aplikazioetarako”. “Fenomeno horrek aplikazioak ditu osagai organikoen degradazioan, patogenoen ezabaketan, gainazalen autogarbiketan eta energia garbiaren ekoizpenean”, azaldu du Xabier Sanduak.

Partikulak finkatzeko teknikak

Haren ikerketa bi arlo handitan zentratu da. Lehena, estaldura fotokatalitikoek argiaren eraginpean jartzen direnean duten gaitasuna hobetzea izan da. Horretarako, partikula fotokatalitikoak gainazal solido batean edo matrize baten barruan finkatzeko zenbait teknika ikertu ditu, hala nola “spraying” (hauts bihurtzea),  “dip-coating” (murgiltze bidezko estaldura) edo o “layer-by-layer” (geruzaz geruza), horrela beren funtzio katalitikoa modu egonkor eta eraginkorrean egin dezaten, teknika efizienteena aurkitu arte. 

Tesiaren bigarren fase batean, Sandua lanean aritu da partikula fotoaktibo horiei beste konposatu batzuk gehitzen, hala nola oxido metalikoak, argi ultramorearen eraginpean erantzuteko duten gaitasuna handitzeko. “Estaldura horiek hainbat tindu organiko degradatzen ahal dituzte. Tindu horiek arazo bat dira ehungintzako industriak hondakin-uretara egiten dituen isurketetan”, esan du Xabier Sanduak.

Nolanahi ere, haren berrikuntza nabarmenena izan da argi ikusgarriarekin ere aktibatzen ahal diren estaldurak garatzea. Horretarako, titanio dioxidoa (TiO₂) eta urrezko nanopartikulak konbinatu ditu, “estaldura fotokatalitikoen aktibazioa errazagoa, ekonomikoagoa eta eraginkorragoa” egiten duen teknologia sortzeko”, bere hitzetan. “Ikerketak ate bat irekitzen du hainbat industria-sektoretan aplikagarriak diren estaldurak egiteko, hala nola kutsatzaile organikoak degradatzea edo hidrogenoa ekoiztea xede duten erreaktoreetan”, esan du doktoretza-tesiaren egileak. INAMAT2 institutuko bi ikertzailek zuzendu dute tesia: Pedro José Rivero Fuente irakasle titularra eta Rafael Rodríguez Trías katedraduna. 

Biografia laburra

Xabier Sandua Fernándezek NUPen egin zituen, hurrenez hurren, Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua (2019) eta Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra (2021). Urte horretan bertan hasi zituen bere doktoretza-ikasketak NUPeko Ingeniaritza Saileko Materialak eta Fabrikazioa ikerketa-taldean. Bere tesian, nazioarteko aipamen bat lortu du Montpellierreko (Frantzia) Institut Européen des Membranesen (IEM) egindako doktoretza aurreko egonaldi bati esker. 

Bere ikerketa-ibilbidean zehar zazpi artikulu zientifiko argitaratu ditu Journal Citation Reports (JCR) aldizkarian indexatutako argitalpenetan, hots, aldizkari zientifikoen kalitate-adierazleen faktorerik ezagunena eta baloratuena; zortzi komunikazio-lan aurkeztu ditu Espainiako eta nazioarteko kongresuetan, eta ikasketen amaierako zortzi lan zuzendu ditu (bost, gradukoak eta hiru, masterrekoak). Ikerketako bi eskualde-proiektutan ere parte hartu du, eta Erasmus+ mugikortasuneko bi beka eta ikerketako beste beka bat jaso ditu.