Humberto Bustince Sola Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) konputazioren zientzietako eta adimen artifizialeko katedradun eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea “professor honoris causa” izendatu dute Brasilgo Iparraldeko Río Grandeko Unibertsitate Federalean. Latinoamerikako erakundeak nabarmendu duenez, titulua eman zaio “lankidetzan jardun duelako, eta lankidetza horren emaitza izan dira ikerketa eta zabalpen proiektuak, ikasleen trukea eta artikulu zientifikoetako kolaborazioa, beste jarduera batzuen artean”. UFRN Brasilgo hamar unibertsitate federal handienen artean dago graduko ikasle kopuruari dagokionez, eta Latinoamerikako 25 unibertsitate hoberenen artean.
Humberto Bustince Nottinghameko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ohorezko irakasle eta Jakiundeko (Zientzien, Arteen eta Letren Euskal Akademia) osoko kideari egindako aitorpen hori ikertzaileak bere ibilbidean zehar lortutako beste batzuei gehitu behar zaie, hala nola García Santesmases Informatikako Sari Nazionala, Matematika Lausoaren Europako Saria, “Fellow IEEE” izendapena Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren Institutuak egina (IEEE, ingelesezko sigletan), zeina munduko elkarte profesional garrantzitsuena baita bere diziplinan, eta Sistema Lausoen Nazioarteko Elkartearen (IFSA) lehendakaritza, zeina Bustincek baitu oraindik. Horrez gain, berriki argitaratu den Stanfordeko Unibertsitatearen (Estatu Batuak) azterlan baten azken argitalpenak munduko ikertzaile hoberenen % 2ren artean sailkatu du. Orobat Nafarroako Gobernuak Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea eman zion 2017an.
Curriculum laburra
Humberto Bustince (Uxue, Nafarroa, 1958) Fisika Zientzietan lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean (1983), eta Matematikan doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1994). 1991z geroztik NUPen aritu da irakasle eta ikertzaile lanetan.
Adimen Artifizialari eta Arrazonamendu Hurbilari buruzko NUPeko ikerketa-taldearen sortzailea eta arduraduna da (GIARA), eta 250etik gora artikulu zientifiko eta nazioarteko biltzarretarako 180tik gora ekarpen egin ditu. Gainera, ikertzaile nagusia da bai Espainiako eta bai nazioarteko hogeitik gora proiektutan, eta logika lausoari buruzko bost liburu idatzi ditu beste egile batzuekin batera. Bestalde, ikertzaile gisa izena emana dago Navarrabiomeden (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen ikerketa biomedikoko zentroa).