Bihar, asteazkena, abenduak 11, 16:00etan, Carmen Castro Ekonomian doktoreak eta ongizate ereduetako eta Europako genero politiketako adituak jendaurreko saio bat eskainiko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrak antolatutako “Ikasgela Irekiak” dibulgazio zikloaren barruan. Saioa Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko 107. Ikasgelan eginen da, eta sarrera librea izanen da toki guztiak bete arte. Aukeratutako gaia: “Ekonomia feminista eta eraldaketa soziala: aldaketarako gakoak”.
Hizlariak azaltzen duenez, “Emakumeon askatasuna bermatzeko, erabateko eskubide ekonomikoak behar ditugu, eta oraindik zaila da halakorik imajinatzea egungo paradigman, zeinak desparekotasuna eta sexuaren araberako lan-banaketa baititu oinarri. Ekonomia feministaren ekarpenek zenbait gauza proposatzen dute: itun sozial berri baten bidez egiturazko aldaketa bideratzeko premia, non zaintza-lanak gizartearen printzipio etiko eta eraldatzailea izanen baitira”. Carmen Castrok mintzagai izanen du zer eginkizun izan dezaketen politika publikoek prozesu horretan.
Carmen Castroren CV laburra
Carmen Castro eraldaketa sozialerako proiektu eta politiketako aholkularia da. Zeregin horretan aritu da azken 22 urteetan bere marka propioaren bidez, SinGENEROdeDUDAS eta gaur egun LIKaDI enpresako zuzendari exekutibo gisa. Enpresa hori aitzindaria da emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikei buruzko aholkularitzan. Valentziako Unibertsitateko irakasle elkartua da, eta Ekonomia Feministako Katedrako kidea. Horrez gain, aktibista feminista da, eta bi entitate hauen sortzailea beste batzuekin batera: Jaiotzagatiko eta Adopzioagatiko Baimen Berdin eta Besterenezinen aldeko Plataforma (PPiiNA) eta Generoaren, Ekonomiaren, Politika Publikoen eta Garapenaren Behatokia (GEP&DO).