Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2021-2022 ikasturtetik 2024-2025 ikasturtera arte, 39 errefuxiatu hartu ditu, tartean irakasle bisitariak, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko ikasleak eta graduko, masterreko eta doktoretzako ikasleak. Ekimen honen onuradunak besteak beste Afganistanetik, Ukrainatik, Yemenetik, Siriatik edo Errusiatik etorri dira. Azken lau ikasturteetan, giza eskubideei kalte handia eragin dieten hiru gertakari handi izan dira: talibanak boterera bueltatzea Afganistanen (2021eko abuztua), Errusiaren inbasioa Ukrainan (2022ko otsaila) eta Gazako gerraren hasiera (2023ko urria).

Graduko titulazioetan, 2021-2022 ikasturteaz geroztik, Afganistanetik eta Ukrainatik etorritako zazpi ikasle matrikulatu dira NUPen, nahiz eta haietako bik bakarrik jarraitzen duten bertan. Masterreko programetan, zortzi ikaslek hartu dute parte, besteak beste Afganistanekoak eta Kolonbiakoak. Doktoretza-programetan ere bada errefuxiatu bat, Yemenetik etorritakoa.

Gainera, NUPek hiru irakasle bisitari hartu ditu, hirurak Ukrainakoak. Gaur egun, haietako batek jarraitzen du lotura izaten Nafarroako erakunde akademiko honekin, Olena Semenkok; haren herrikideak, aldiz, bueltatuak dira Ukrainara.

Gainera, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak doako gaztelania-prestakuntza eman die hogei errefuxiaturi, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzaren finantzaketari esker. Ikasle horiek Afganistanekoak, Ukrainakoak, Siriakoak eta Errusiakoak dira. Ikasle horiek matrikulatzeko beharrezko baldintza unibertsitateko ikasle izatea edo goi-mailako ikasketak izatea da.

zoom TEXTO ALT

"Animalia Ekoizpena, Nutrizioa eta Elikagaien Zientzia" ikerketa-taldeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Antonio Purroy, Beatriz Soret, Olaia Urrutia, Olena Semenko, Vicky Sarriés, Kizkitza Insausti eta Jose Antonio Mendizabal.

Harrera-programa

NUPek, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzaren bidez, harrera-programa bat du martxan errefuxiatuen eta nazioarteko babesaren eskatzaileen integrazio akademiko eta soziala errazteko. Haren bidez, pertsona horiek aukera dute Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko gaztelania-ikastaroak egiteko. 

Gainera, modua ematen zaie gradu batean ikasle bisitari moduan matrikulatzeko; horri esker, berehala hasten dira eskolak jasotzen, aurretik eginak zituzten irakasgaiak baliokidetu zain egon gabe, eta ez dute tasa akademikorik ordaindu beharrik. 

Gradu edo masterren bat egin nahi izanez gero, doako tasez gain, zenbait prozedura espezifiko ditu NUPek. Graduetarako onarpena eskatzeko, errefuxiatuek eta nazioarteko babesaren eskatzaileek aukera dute atzerriko unibertsitate-ikasketak hasiak dituztenak ikasketaz aldatzeko prozeduraz baliatzeko. Ez badute aurreko ikasketak baliokidetzeko behar den dokumenturik, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute, eta, ondoren, haien ezagutzak ebaluatzen dira indarrean den araudiari jarraikiz. Masterretan izena emateko, beharrezkoa da eskatzaileek Espainiako titulu ofizialen prestakuntza-maila baliokidea izatea, eta gutxienez gaztelaniako B1 maila egiaztatua izatea. Lanbidean aritzeko gaitzen duen masterra bada, beharrezkoa da titulu homologatua izatea.

NUPek baditu bestelako zerbitzu batzuk ere, adibidez hauek: aholkularitza akademiko indibidualizatua; malgutasuna irakasgaiak aukeratu eta aldatzean; ikaslea erabat integratzea unibertsitateko komunitatean; laguntza ematea aurreko ikasketak aitortzean; mentoretzako programa; eta laguntza psikologikoa Gizarte Ekintzarako Unitatearen bidez. 

Era berean, unibertsitateak zenbait lotura ditu errefuxiatuei laguntza ematen dieten erakunde batzuekin, besteak beste ACNUR, CEAR eta Gurutze Gorria erakundeekin. Horrez gain, lankidetzan aritzen da Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuarekin. 

“Unibertsitate aitzindaria gara ikasle errefuxiatuei harrera azkarra egiteko programa bat edukitzen. Errefuxiatuei aukera ematen diegu unibertsitateko ikasketekin jarraitzeko, baina aldi berean nolabaiteko normaltasuna bueltatzen dugu haien bizitzetara etxea eta herrialdea utzita alde egitearen esperientzia traumatikoa pasatu ondoren”, adierazi du Alicia Chicharro Lázaro Nazioartekotzearen eta Lankidetzaren Errektoreordetzako izen bereko ataleko zuzendariak.

Ukrainako irakasle bat, parasitologian aditua

Oraindik NUPen dagoen irakasle errefuxiatu bakarra Olena Semenko da (Donetsk, Ukraina, 1976), Albaitaritzan doktorea eta Ukrainako Bizitzaren eta Ingurumen Zientzien Unibertsitate Nazionaleko irakasle titular ohia (NUBiP). Erakunde akademiko hori Ukrainako hiriburuan dago kokatua, Kieven, eta, gerra hasi aurretik, 26.000 ikasle eta 2.600 irakasle zituen. 
 

Olena Semenko Unibertsitate horretako Albaitaritzaren arloko Medikuntza Tropikaleko eta Parasitologiako Sailari atxikia zegoen, eta graduko eta masterreko eskolak ematen zituen Albaitaritza Fakultatean. Aldi berean, ikerketa-lanean aritzen zen etxeko abere haragijaleen –hala nola txakurrak eta katuak– odoleko parasitoei buruz, bai eta Txernobyleko zentral nuklearra zenaren inguruko esklusio eremuan bizi diren animalietako beste parasito batzuei buruz ere. “Lehen ezagutzen ez genituen bi parasito topatu ditugu saguetan”, adierazi du gaztelaniaz. NUPen Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian ikasi du hizkuntza, bai eta Iruñeko José María Iribarren Zentroan ere. 

Hala ere, Donbasseko gerrak –2014an herrialdearen ekialdean hasitako gatazka armatua, Ukrainako Gobernuaren eta indar separatista errusiazaleen artekoa– kalte eragin zion haren familiari, Donetsken bizi baitzen, Moskuren aldekoek harturiko zonan alegia. Urte horretan bertan hil zitzaion aita. “Ez ziguten utzi haren gorputza errekuperatu eta lurperatzen astebete pasatu arte, errusiarrak bonbardatzen ari baitziren gure gurasoen etxea zegoen lurraldea”, gogoratu du. Urtebete beranduago, gerra-egoerak bultzaturik, ama Iruñera joan zitzaion bizitzera, lagun batzuk baitzituen bertan. 

2022ko otsailean Errusiak Ukraina inbaditu zuenean, Olena Semenko eta haren lankide bat, Albaitaritzako katedraduna bera, Kievetik alde egin eta Lvivera joan ziren. Handik Poloniara joan ziren, eta, ondoren, Iruñera bidaiatu zuten; bertan kokatu ziren urte horretako martxoan, errefuxiatuen estatusarekin. Irakasle ukrainarrak hartzeko NUPek martxan zuen ekimenaren berri izatean, biak sartu ziren bertara 2022ko ekainean, irakasle bisitari moduan. Ordea, Semenkoren laguna bi hilabete geroago itzuli zen Ukrainara, familia-kontuengatik. 

Olena Semenko "Animalia Ekoizpena, Nutrizioa eta Elikagaien Zientzia" ikerketa-taldera batu zen, zeinaren zuzendaria José Antonio Mendizabal Aizpuru katedraduna baita. “Nire bigarren familia dira”, laburtu du, eskertua baitago eman zaion aukeragatik eta harreragatik. Lankidetzan aritzen da lehen aipatutako talde horren animalia-ekoizpenaren arloko ikerketa-zereginetan –talde hori atxikia dago ISFOOD ikerketa-institutura–, bai eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzaren Graduko irakasle-lanetan ere. 

Aldi berean, oraindik ere “online” klaseak ematen dizkie haren Ukrainako Unibertsitateko Albaitaritzako ikasleei. “Tamalez, ikasle eta irakasle asko herrialdetik kanpo daude, eta, horrez gain, elektrizitate problemak dituzte bertakoek”, deskribatu du. 

Gerran hamar urte baino gehiago eman ondoren (herrialdearen ekialdean gatazka hasi zenetik pasa den denbora osoa kontatuz gero), ez du hara itzultzeko itxaropen handirik. Horregatik, tituluak homologatzea gustatuko litzaioke, “bete-betean lan egiteko aukera” izateko.

zoom Arzoo Mulavizada, Afganistaneko fiskal ohia, eta masterreko ikaslea orain NUPen.

Arzoo Mulavizada, Afganistaneko fiskal ohia, eta masterreko ikaslea orain NUPen.

Afganistaneko fiskal errefuxiatu bat masterreko ikasle

NUPen hartutako ikasle errefuxiatuetako bat Arzoo Mulavizada da (Herat, Afganistan, 1988); Zuzenbideko eta Zientzia Politikoetako lizentziaduna da, eta fiskala zen jatorriko hirian, Afganistaneko mendebaldean. Han, Ministerio Publikoarentzat lan egin zuen hamar urtez, eta, haietatik bost eman zituen ustelkeria-kasuak ikertzen. “Ardurapean nituen kontuak zirela-eta, bizitza arriskuan sentitzen nuen, baina oso gustuko nuen nire lana, eta eredu nintzen lan egin nahi zuten nire herrialdeko emakumeentzat”, gogorarazi du. Talibanak 2021ean boterera bueltatu zirenean, herrialdetik ihes egin zuen Iranen zehar, gurasoekin eta anaia txikiarekin, ingeniari zibila bera. 2022ko otsailean, Madrilera iritsi eta Nafarroara eraman zituzten; bertan bizi dira urte horretako maiatzaz geroztik, errefuxiatuen estatusarekin. 

Arzoo Mulavizadak gaztelania-ikasketa trinkoa egin zuen lehenbiziko sei hilabeteetan, eta horrek aukera eman zion agente komertzial izateko ikasketak egin eta supermerkatu batean praktikaldi labur bat egiteko. Ikasketa juridikoetan sakontzen jarraitu nahi zuenez, NUPek errefuxiatuei ematen dien aukeraz baliatu nahi izan zuen Zerga, Lan eta Kontabilitate Aholkularitzako Unibertsitate Masterra egiteko. Izan ere, NUPen ez dute jatorriko tituluen homologaziorik aurkeztu behar errefuxiatuek. “Edurne eta Laura ikaskideek asko lagundu didate azterketekin eta master amaierako lanarekin, baita irakasleek eta Hugo López masterreko zuzendariak ere”, adierazi du. 

Arzoo Mulavizadak eskerrak eman ditu NUPen jasotako tratuagatik eta ikasteko izan duen aukeragatik; izan ere, dioenez, integratzeko balio izan dio. “Berriz jaio nintzen Nafarroara iristean”, argitu du. Irakasgai bakarra falta zaio masterra bukatzeko; beraz, lanaldi erdian aritzen da Arrotxapeko El Vestidor Eurodi arropa-dendan, prestakuntzaren eta enpleguaren bidez emakumeen ahalduntzea bultzatu nahi baitu Eurodi elkarteak.

Masterra amaitzean, lan egin eta ikasketen homologazioa lortu nahi du Arzoo Mulavizadak. “Ez dut Afganistanera bueltatzeko esperantzarik, baina gustatuko litzaidake bueltatu eta fiskal moduan lan egitea. Bizitza horren falta sumatzen dut orain”, esan du, bukatzeko.