Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle batzuek irakaskuntza-gida bat prestatu dute Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleek matematika ikas dezaten Arazuriko Hondakin Uren Araztegira (HUA) egindako bisitetan. Iruñerriko Mankomunitatearen (MCP) Mancoeduca ingurumen hezkuntzako programaren parte da ekimena, eta hezkuntza-etapa horietako ikasleek matematika ikasteko modu berritzaile bat eskaintzea du helburu, haien eguneroko errealitatetik hurbilago dagoena. 

zoom guia arazuri

Ezkerretik eskuinera: Miren Percaz, Haritz Iribas, Mar García, Aitzol Lasa eta José Alzueta, irakaskuntza-gida aurkeztu zen jardunaldietan.

Gidak “Hondakin-uren matematika” du izena, eta Mancoeducaren webgunean dago eskuragarri, euskaraz zein gaztelaniaz. Gidaren talde arduraduna honako hauek osatzen dute: Aitzol Lasa Oyarbide (koordinatzailea), Jaione Abaurrea Larrayoz, Haritz Iribas Pardo, Maite Uzqueda Garde eta Miguel R. Wilhelmi, Matematikaren Didaktika taldeko ikertzaile eta NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak denak. Gainera, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zenbait irakaslek gidaren edukiak baliozkotu dituzte proiektu pilotu batean, zeinean 200 bat ikaslek parte hartu baitute. 

Hiru zeregin mota

Diseinatu duten proposamen pedagogikoa honela dago banatua: aldez aurretik egin beharreko jarduerak, Arazuriko HUAra bisita egiten den bitartean egin beharreko zereginak eta bisitaren ondotik ikasgelan egin beharrekoak. Horietan guztietan, oro har, hondakin urak tratatzeko prozesuei aplikatutako kontzeptu matematikoak aztertuko dituzte. 

Bisitaren aurretik, ikasleek esperimentuak eginen dituzte prest egon daitezen zenbait fenomeno ulertzeko, hala nola sedimentazioa eta iragazketa. Bisitaren egunean, instalazioetan barna ibilbidea egiten ari direla, estimazio problemak planteatuko zaizkie zenbaki handiekin, soluzio zehatza baino gehiago prozedura egokiena lor dezaten, esate baterako, minutu batean zenbat ur tratatzen den kalkulatzeko. Ondorengo jardueretarako, gidak proposatzen du HUAko instalazioak modelizatzea ikuspegi geometriko eta funtzional batetik, bisitan bildutako argazkiak eta datuak erabiliz horretarako.

Ikasleek bi euskarri dituzte ariketak egiteko: jarduera-koaderno bat paperean eta ibilbide matematiko bat MathCityMap izeneko aplikazio mugikor batean. Aplikazio hori sarbide librekoa eta doakoa da, eta telefonoa edo tableta behar dira hura erabiltzeko. 

Ibilbide matematikoak Iruñean barna

Aplikazio mugikor horrek, Arazuriko HUAn egitekoa den proposamena ez ezik, baditu beste ibilbide matematiko batzuk ere, hain zuzen Iruñeko auzoetan barna egitekoak diren zazpi ibilbide, NUPeko irakasle talde horrek berak 2021etik 2022ra bitartean diseinatuak Iruñeko Udalaren eskariz Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleentzat. Ibilbide horiek “Calle-Math” dute izena, eta euskaraz zein gaztelaniaz daude eskuragarri. Kalean matematika lantzea dute helburu, ikasle talde txikitan, lekuan bertan ebatzi beharreko problemen bidez. Leku horiek lotura dute problemarekin, eta eraikinak, eskulturak, hiri-altzariak eta halakoak izan daitezke. 

Bi ordu inguruko ibilbideak dira, eta haietan, matematikaz gain, ikasleek artearekin, historiarekin, hiriko ohiturekin, ingurumenarekin, elikadura osasuntsuarekin eta genero berdintasunarekin lotutako beste kontzeptu batzuk ere ikasten dituzte. 

Matematikaren Irakaskuntzari eta Ikaskuntzari buruzko Jardunaldiak

Arazuriko HUAri buruzko irakaskuntza-gidaren aurkezpena Matematikaren Irakaskuntzari eta Ikaskuntzari buruzko Nafarroako VIII. Jardunaldietan egin zen, mahai-inguru batean, non honako hauek parte hartu baitzuten: Mar García Echeverría (Anthesis enpresaren hezkuntza-programaren koordinatzailea, hots, Mancoeduca Programa kudeatzen duen enpresarena), José Alzueta Larumbe (ingurumen hezkuntzako teknikaria Iruñerriko Mankomunitatean), Miren Percaz Oroz (Iruñeko FEC Vedruna Ikastetxeko irakaslea, zeinak proiektu pilotuan parte hartu baitu) eta egileetako bi, Haritz Iribas eta Aitzol Lasa.

Jardunaldi horiek Arrosadiko campusean egin ziren, eta NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailak, Nafarroako Estatistika Institutuak (NaStat), Irakasleei Laguntzeko Iruñeko Zentroak (ILZ) eta “Tornamira” Matematikako Irakasleen Nafarroako Elkarteak antolatu zituzten, Casio enpresaren hezkuntza-dibisioarekin eta Vicens Vives argitaletxearekin lankidetzan.