Banco Santanderrek, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) batera, Santander X Explorer programaren XIX. edizioa jarri du martxan. Badira hamabost urte ekintzailetza sustatzen hasi zela bere etapa goiztiarretan eta ideiak proiektu eta soluzio berritzaile bihurtzeko lanak babesten. Ekimenak hamabi asteko iraupena du, eta hamabi herrialdetako parte-hartzaileei aukera ematen die nazioarteko komunitate batekin harremanak egiteko eta prestakuntza jasotzeko “eginez ikasteko” metodologiarekin, bai eta beren negozio ideia baliozkotzeko eta ideia hori soluzio bideragarri eta jasangarri bihurtzeko beharrezkoak diren trebetasunak garatzeko ere. Izena emateko epea abenduaren 10ean bukatuko da, eta izen-ematea SantanderX programaren webgunean egiten ahal da.
Programan parte hartzeko aukera dute hamabi herrialdetako ekintzaileek (Alemania, Argentina, Brasil, Txile, Mexiko, Estatu Batuak, Espainia, Peru, Portugal, Erresuma Batua eta Uruguai), eta aurtengo edizioan baita Kolonbiakoek ere. Hazten ari den nazioarteko komunitate bat osatu dute, eta parte-hartzaile gehienek esan dute hori dela programaren aktibo garrantzitsuenetako bat.
Santander X Explorer programan, hamabi asteko iraupenarekin, parte-hartzaileek “online” prestakuntza jasoko dute gai hauei buruz: zalantzak argitzeko saioak adituekin, interakzioa zenbait plataforma sozialetan eta talkX izenekoak, zeinetan parte-hartzaileek ekintzailetzari buruz eztabaidatu eta beren ideiak agertzen baitituzte “startups” enpresen eta nazioartean ospea duten pertsonen aurrean.
“Online” prestakuntza eta presentziala “learning by doing” metodologiarekin, negozio ideiak baliozkotzea eta proiektua soluzio bideragarri eta jasangarri bihurtzeko beharrezkoak diren trebetasunak garatzea dira programako parte-hartzaileek aurkitzen dituzten tresnak.
Ekintzailetza NUPen
Explorer programa NUPen ekintzailetza jardueretako bat da, eta arlo horretan egiten duen lana hiru oinarri hauen gainean antolatzen da: espiritu ekintzailea sustatzeko ekintzak, prestakuntza-ekintzak eta enpresa-proiektuentzako laguntza. Horrekin guztiarekin "Inguruan enplegua, balioa eta aurrerapena sortzen" lagundu nahi da, Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak esan duenez.
NUPeko zenbait unitate arduratzen dira ekintzailetzako laguntza eta prestakuntza emateaz: Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategia (LUCE) Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen laguntzarekin; Nafarroako Doktoretza Eskola (NADOE), Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza eta Ikerketa Zerbitzua.
NUPen ekintzailetza araututa dago bere Estatutuetan, Plan Estrategikoan eta Ezagutzan Oinarritutako Entitateei buruzko Erregelamenduan, zeinak hamabi enpresa “spin-off” gisa aitortu baititu 2014tik.
Santander eta hezkuntzari eta ekintzailetzari ematen dion laguntza
Banco Santanderrek konpromiso sendoa du aurrerapenarekin eta hazkunde inklusibo eta jasangarriarekin, eta hezkuntzaren, enplegagarritasunaren eta ekintzailetzaren aldeko apustu irmoa egin du duela 27 urte baino gehiago zeregin horietan hasi zenetik, eta horrek munduko gainerako finantza-erakundeetatik bereizten du. Bankuak 2.200 milioi euro baino gehiago bideratu ditu, eta milioi bat pertsonari eta enpresari baino gehiagori lagundu die 1.300 unibertsitate baino gehiagorekin egindako hitzarmenez bidez. Gainera, munduak hobera egin dezan gehien laguntzen ari diren enpresetako bat da “Fortune” aldizkariaren Change the World 2023 zerrendaren arabera.