Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentua lankidetzan aritu dira Nafarroan adingabeak familiekin berriz elkartzeko prozesuei buruzko diagnostiko baten emaitza diren bi produktu egiteko.  Batetik, diagnostiko horren emaitzak jasotzen dituen txosten idatzi bat egin da, eta bestetik ordu erdiko iraupena duen dokumental bat, adingabeak familia immigratuekin berriz elkartzeko prozesuak identifikatzeko, ulertzeko eta laguntzeko tresna izatea xede duena. Diagnostikoa eta dokumentala gaur, asteazkena, azaroak 27, aurkeztu dira NUPen. Ekitaldian parte hartu dute Rubén Lasheras Ruiz NUPeko irakasle eta ikertzaileak, Marisol de la Nava Martín Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak, Edurne Jabat Torres NUPeko ikertzaile lankideak eta Oskia Azkárate Gárriz SEI Elkarteko koordinatzaile teknikoak. NUPen aldetik, aipatutako lagunez gain, Izaskun Andueza Imirizalduk ere parte hartu du azterlanean. 

zoom Azterlanaren aurkezpenean parte hartu dutenak. Ezkerretik eskuinera, Oskia Azcárate (SEI Elkartea), Edurne Jabat (NUPeko ikertzailea), Rubén Lasheras (NUPeko ikertzaile eta irakaslea) eta Marisol de la Nava (Nafarroako Gobernua).

Azterlanaren aurkezpenean parte hartu dutenak. Ezkerretik eskuinera, Oskia Azcárate (SEI Elkartea), Edurne Jabat (NUPeko ikertzailea), Rubén Lasheras (NUPeko ikertzaile eta irakaslea) eta Marisol de la Nava (Nafarroako Gobernua).

Aurkezpenean azaldu denez, Nafarroako Gobernuko departamentu horrek eta NUPek 2023an sinatutako hitzarmen batean dute jatorria bi produktuek, hots, txostenak eta dokumentalak. Nafarroako Parlamentuak finantzatu zuen aipatu hitzarmena eta Migrazio Politiketako Departamentuko Migranteei harrera egiteko eta laguntzeko Karibu Zerbitzuak kudeatu zuen. Diagnostikoaren eskaera, era berean, 2021ean SERFAM Programa (familiekin berriz elkartzeko prozesuetan dauden nazioz gaindiko familiei laguntzeko programa) martxan jartzean sortu zen, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren eta SEI Elkartearen arteko hitzarmen baten bidez.

Ikerketa egiteko teknika kuantitatibo eta kualitatiboak erabili ziren, eta 22 elkarrizketa biografiko egin zitzaizkien familiekin berriz elkartzeko prozesuetan parte hartu dutenei. Gizarte Laneko Graduko “Desparekotasuna eta Bazterketa Soziala” irakasgaiko ikasleek egin zituzten elkarrizketak, irakasleek gainbegiratuta.  Gainera, talde fokal bat osatu zen seme-alabak berriz elkartu dituzten gurasoekin, eta beste talde fokal bat duela gutxi familiekin berriz elkartu diren nerabeekin. Era berean, 7 talde fokal egin ziren Nafarroako zenbait eremutako zerbitzu publikoetako profesionalez osatuak. Ikerketa-taldeak azaldu duenez, erregistro estatistikoek legezko berrelkartzeak baino ez dituzte erakusten, baina kalkulatzen da % 50 inguru modu irregularrean egiten dela.

Bost faseko eskema

Gaur aurkeztutako diagnostikoaren emaitza nagusietako bat bost faseko eskema analitiko bat izan da. Eskema horri esker familiekin berriz elkartzeko prozesuen une desberdinak ulertzen dira eta aldi berean une bakoitzean esku hartzeko dauden aukerak eta beharrak ezagutzen dira. Txostena bera fase horietako bakoitzari eskainitako bost kapitulutan dago egituratuta, eta gaika sailkatutako eta erreferentzia akademiko eguneratuen laguntzarekin aztertutako testigantzen zatiak jasotzen ditu.

Honako hauek dira prozesuaren lehen hiru faseak: irteera (ama edo aita jatorrizko lekuko etxetik ateratzen den unea), urrutiratzea (banantze-aldia, non loturari eusten zaion urrutitik) eta berriz elkartzeko erabakia (prozesuaren fase nagusia, berriz elkartzea erabakitzen den unea aipatzen du). Ikerketa taldeak azaltzen duenez, fase horrek eragina du gainerako guztietan, berriz elkartzeko ideia gutxi-gehiago bizirik baitago hasieratik familian eta hura erabakitzeko eta egiteko moduak berrelkartzea baldintzatzen du. Honako hauek dira laugarren eta bosgarren faseak: gerora egokitzea eta berriz elkartzea (adingabeak destinoko gizartera iritsi eta hainbat urtez bananduta egon ondoren gurasoekin elkartzen diren unea) eta egokitzea (familia-bizikidetza berrira, hezkuntza-sistema berrira eta eremu soziokultural ezezagunera egokitzeko aldi zabala eta konplexua).

“Bost fase horiek bat datoz Nafarroan berriz elkartu diren familien esperientzietan kontatutako kronologiarekin, baina ez dute inola ere agortzen nazioz gaindiko familietan maila globalean dauden estrategien heterogeneotasuna”, zehaztu du ikerketa-taldeak.

Sufrimendua berriz elkartzeko prozesuetan

“Diagnostikoak argi eta garbi erakusten du nazioz gaindiko familietan berriz elkartzeko prozesu askok eragiten duten sufrimendua”, azaldu du ikertzaile-taldeak. Horren arrazoia da familiaren migrazio-proiektuaren hainbat unetan izandako banantze eta dueluen segida. Irteera-fasearen ezaugarria dira irten beharra eta joateak eragindako dolua; urrutitik izandako harremanaren fasean dolua eta komunikatzeko zailtasunak daude; berriz elkartzeko erabakiak ere mota guztietako zailtasunak ditu; eta berriz elkartzeko faseak “ez ditu adingabeen eta helduen itxaropenak betetzen”, adierazi dute. Azkenik, egokitzapen-faseak “adingabeei eskatzen die azkar egokitzea kultura arrotz batera, familia ia berri batera, baldintza ekonomiko prekarioetara, hezkuntza-sistema ezezagun bateko curriculum desberdin batera eta nekez lekua egiten dien ingurune sozial batera”, azaldu dute.

Ikerketa-taldeak egiaztatu du sufrimendua, neurri handi batean, migrazio-politikei eta desberdintasun sozialari buruzko egiturazko faktoreen eraginaren emaitza dela. Faktore horiek prozesua fase guztietan baldintzatzen dute eta familiak eta, bereziki, haurrak zaurgarritasun-egoeran jartzen dituzte. Gainera, diagnostikotik ondorioztatzen da genero-desberdintasunak prozesu horiei guztiei ere eragiten diela.

Ikus-entzunezko produktua

Bestalde, aurkeztutako bigarren produktua dokumental bat da, “Replantar el árbol. Claves para acompañar en la reagrupación de menores” izenekoa. Esku hartzeko tresna bat da, baliabide publikoetako profesionalei berriz elkartzeko prozesuak ulertzen laguntzen diena, eta eguneroko praktikan laguntzeko gakoak eskaintzen dizkie.

Egindako diagnostikoan eta profesional taldeetan bildutako proposamenetan du jatorria ikus-entzunezkoak. Dokumentalak 27 minutuko iraupena du, eta azterlan diagostikoan parte hartu zuten 7 profesional ditu protagonista. Dokumentala berriz elkartzeko prozesuaren faseei dagozkien bost bloketan egituratzen da, eta premiei erantzuteko orientazioa eta jarraibideak ematen ditu. Iñaki Alforja Sagone Filmseko kideak egin du ikus-entzunezko produktua Rubén Lasheras, Edurne Jabat eta Izaskun Andueza ikertzaileek osatutako NUPeko taldearekin batera.