Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko eta unibertsitate-masterreko ikasleek jada ebaluatzen ahal dute udazkeneko seihilekoko irakasgaietako irakasleen irakaskuntza-jarduera, heldu den abenduaren 13an amaituko den prozesuan. Ekimena sei hilean behin egiten da, eta erakunde akademikoan ematen den irakaskuntzaren kalitateari buruzko informazioa lortzea du helburu. Inkesta borondatezkoa da, eta Unibertsitatearen webgunean integratuta dagoen Zerbitzuen Atariaren bidez erantzuten da, edo, bestela, gailu mugikorretarako aplikazio baten bidez (Android eta iOS). Aplikazioak Academic Mobile du izena, eta doakoa da ikasleentzat. Sarbiderako pasahitza behar da, eta ikasleek NUPen hasten direnetik dute eskuragarri.
Inkestan parte hartzen dutenek zenbait ataletako galderak erantzun behar dituzte, eta irakasleek emandako irakaskuntzaren plangintza, garapena eta emaitzak aztertzen dituzte galderek. Hori guztia osatzeko, gogobetetze orokorrari buruzko galdera bat eta iruzkinetarako atal ireki bat daude. Sistema hori Kalitatearen Barne Bermerako Sistemakoa (KBBS) da, eta haren abantaila da ikasleen parte-hartze aktiboa errazten duela irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren etengabeko hobekuntzan.
Ikasleek inkestan ematen dituzten datuak konfidentzialak dira, eta haiei esker Unibertsitateak irakaskuntzaren kalitateari buruzko informazioa eskuratu eta hobekuntzak egiten ahal ditu.
Irakasleei emaitzan berri ematea
Gainera, inkesta horien emaitzak kontuan hartzen dira NUPeko irakasle eta ikertzaileen jarduera ebaluatzeko prozesuan. Irakasleek seihileko aktak itxi ondoren ezagutzen dituzte iritzi-azterketaren emaitzak, ebaluazio prozesua amaitutakoan. Unibertsitateak, halaber, irakasle bakoitzaren emaitzak eta sail eta titulazio bakoitzak orokorrean lortutakoak konparatzen ditu. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle batek emandako irakaskuntzaren ebaluazioan ‘bikain’ kalifikazioa lortzeko baldintza dela ikasleei egindako gogobetetze-inkestan emaitza positiboa lortzea.
Iritzi-azterketa Irakaskuntzako Errektoreordetzak eta Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak modu koordinatuan sustatu dute eta Informatika Zerbitzuaren, Hezkuntzaren Berrikuntzarako Goi Mailako Ikastegiaren eta Unibertsitateko Antolamendurako eta Kalitaterako Atalaren laguntza du, bai eta titulazioak atxikitzen diren ikastegiena ere.