Navarrabiomed Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Ikerketa Biomedikoko Zentroaren Ariketa Fisikoa, Osasuna eta Bizi Kalitatea ikerketa taldeak (E-FIT) saiakuntza baten emaitzak argitaratu ditu “European Heart Journal” aldizkarian. Saiakuntzaren izena EXER-COVID da, eta erakusten du ariketa fisikoa egiteko banakako programa batek nabarmen hobetu dezakeela COVID-19 iraunkorra duten pazienteen ongizate fisikoa eta mentala. Sindrome posbiral horren ezaugarriak dira neke iraunkorra, disnea (arnasa hartzeko zailtasuna) eta arazo kognitiboak. COVID-19 iraunkorra dutenentzako tratamenduak mugatuak badira ere, ikerketak ariketa fisikoa egiteko programa planifikatu eta antolatu baten potentziala aztertu du, esku-hartze ez-farmakologiko gisa.
Azterlanak 89 lagun (59 emakume eta 30 gizon) aztertu zituen. Lagun horiek sintoma iraunkorrak zituzten COVID-19aren hasierako infekzioa gainditu ondoren. Sei astez, pertsona horiek entrenamendu-programa progresibo bat egin zuten, potentzia muskularreko ariketak eta intentsitate handiko entrenamendu saioak konbinatzen zituena neurtzeko bizikleta estatikoan.


Ezkerretik eskuinera: Robinson Ramírez, Yesenia García Alonso, Julio Oteiza, Mikel Izquierdo, Gaizka Legarra, Sergio Oscoz eta Nora García Alonso.
Gaitasun fisiko handiagoa eta ondoez psikologiko txikiagoa
Emaitzek erakutsi zuten nabarmen hobetu zirela giharretako indarra eta oxigenoaren gehieneko kontsumoa. Gaitasun kardiorrespiratorioaren adierazle garrantzitsua da azken hori. Gainera, murrizketa nabarmenak ikusi ziren disnea eta nekea bezalako sintometan, eta osasun mentalarekin lotutako bizi kalitatean hobekuntzak, depresioa eta ondoez psikologikoa gutxitzea barne.
Gainera, parte-hartzaileek hobekuntza nabarmenak izan zituzten ongizate emozionalean eta funtzio exekutiboetan. Datu hori bereziki garrantzitsua da; izan ere, COVID-19 iraunkorra dutenek sintoma neuropsikologikoak izaten dituzte askotan, hala nola arreta defizitak eta memoria galera.
Ariketa pertsona bakoitzari egokitzea
Mikel Izquierdo Redín NUPeko katedradun eta ikerketaren zuzendaria da Robinson Ramírez Vélez irakaslearekin batera. Izquierdoren arabera, “aurkikuntza horiek iradokitzen dute ariketa fisikoa, pertsona bakoitzaren gaitasunetara eta sintometara egokitua, tresna eraginkorra eta segurua izaten ahal dela COVID-19 iraunkorra duten pazienteen errekuperazioa errazteko”. Nolanahi ere, errehabilitazio protokoloak paziente bakoitzaren egoeraren arabera pertsonalizatzearen garrantzia nabarmendu du
“Ikerketaren emaitzek egungo errehabilitazio jarraibideak birformulatzen lagun lezakete, askotan zuhurregiak baitira antzeko populazioen ariketari dagokionez”, gaineratu du ikertzaileak. Harentzat ariketa egituratua “esku-hartze seguru, eraginkor eta kostu txikikoa izan daiteke, COVID-19 iraunkorra duten pertsonen errekuperazioa hobetzeko”.
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Barneko Medikuntzako Zerbitzuko, Granadako Unibertsitateko Erizaintza Saileko eta Salvador Zubirán Medikuntza Zientzien eta Nutrizioaren Institutu Nazionaleko (Mexiko) Gaixotasun Metabolikoen Ikerketa Unitateko espezialistek parte hartu dute saiakuntzan.
Parte hartu duten ikertzaileak
Mikel Izquierdo eta Robinson Ramírez ikertzaileez gain, honako hauek osatzen dute Navarrabiomedeko ikerketa-taldea: Nora García Alonso, Yesenia García Alonso, Gaizka Legarra Gorgoñón eta Sergio Oscoz Ochandorena, Julio Oteiza Olaso Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Barneko Medikuntzako Zerbitzuko medikuarekin batera.
Lan horrek EXER-COVID Crossover Study proiektuaren finantzaketa jaso du I+G+b Sistemaren Jakintza Sortzeko eta Zientzia eta Teknologia Indartzeko Estatuko Programen I+G+b Proiektuen laguntzarekin, Gizartearen Erronketara bideratuta, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2017-2020 Estatuko Planaren esparruan.
Ikerketa taldeak espero du emaitza horiek eragina izanen dutela COVID-19 iraunkorra duten pazienteentzako etorkizuneko errehabilitazio-jarraibideetan, “egoera horrek eragindako pertsonen osasun fisikoa eta mentala hobetzen duen esku-hartze erraz eta kostu txikikoa” eskaintzen baitu, Mikel Izquierdo katedradunak adierazi bezala.