Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bat egin du Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Unibertsitateak babesa eman die Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren Batzar Nagusiak (CRUE) egindako adierazpen instituzionalari eta Genero Berdintasunerako Unitateen Sarea Unibertsitate Bikaintasunaren alde (RUIGEU) erakundeak egindako adierazpenari. Halaber, ikasleen mugimendu feministak deituta, unibertsitateko komunitateak elkarretaratzea egin du gaur, azaroak 25, eguerdian, indarkeria matxistaren forma guztiak gaitzesteko.
CRUEren adierazpenean esaten denez, “hiru emakumetik ia bat indarkeria fisiko eta/edo sexualaren biktima izan da, gutxienez bizitzan behin, eta, 2023an, mundu osoko 51.100 emakume eta neska inguru hil ziren bikotekideen, bikotekide ohien edo familiako beste kide batzuen esku”. Erakunde horren arabera, “indarkeria hori giza eskubideen urraketa suntsitzaile eta hedatuenetako bat da”.
Manifestazioaren ondoren, Rut Itúrbide Rodrigo ikertzaileak hitzaldia eman du, eta bikote heterosexualetako botere harreman berriei buruz hitz egin du, eta Instagram eta TikTok sareetako kasuetan zentratu da.
Unibertsitateak A25aren inguruan egindako beste ekintza batzuk
NUPek, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren bidez, genero berdintasunarekin lotutako zenbait ekintza koordinatu edo haietan parte hartu du ikasturtean zehar. Zehazki, sexu erasoen aurrean lehen laguntza emozionalak emateko tailer bat, berdintasunean oinarritutako maskulinitateei buruzko tailer bat eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko prestakuntza bat egin dira teknikarientzat eta kudeaketako langileentzat. Horrez gain, NUPek bat egin du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) A25erako egindako kanpainarekin
Bestalde gogoratu behar da Unibertsitateko Berdintasun Unitateak, urte osoan zehar, genero berdintasunean prestatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko ekintzak garatzen dituela. Beste material batzuen artean, “biolentometroa” banatzen da. Baliabide horrek modu bisualean azaltzen ditu genero-indarkeriaren mailaketak, arinenetatik larrienetara, arazoa bere dimentsio osoan ezagutu dadin. Gainera, prestakuntza jarraitu espezifikoa eskaintzen da ikasturte osoan, irakasle eta ikertzaileek genero ikuspegia aplika dezaten beren eguneroko zereginean.