Javier Gil Gimeno eta Celso Sánchez Capdequí Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta I-COMMUNITAS institutuko ikertzaileak Memorias múltiples y trauma cultural liburuaren koeditoreak dira. Tirant Humanidadesek eta NUPek editatu dute liburua. Aipatutako irakasleez gain, honako hauek ere badira liburuaren egileak: Juan A. Roche Cárcel Alacanteko Unibertsitateko katedraduna eta Maya Aguiluz Ibargüen Mexikoko Unibertsitate Autonomoko irakaslea. NUPen aldetik, honako hauek lagundu dute liburuan: Josetxo Beriain Razquin, Juan Mari Sánchez Prieto, Marta Rodríguez Fouz irakasleak (denak I-COMMUNITAS institutukoak) eta Pablo Echeverría Esparza ikertzailea.


Liburu horretan parte hartu duten NUPeko irakasle eta ikertzaileetako batzuk. Ezkerretik eskuinera, Marta Rodríguez Fouz, Josetxo Beriain, Javier Gil, Juan María Sánchez Prieto eta Pablo Echeverría.
Egileek azaldu dutenez, “memoria kolektiboa iraganaren orainaldiko presentziatzat hartzen da, gizartearen bilakaerak berak sortzen duen ondaretzat, eboluzio naturalaren ondare genetikoaren antzera, eta iragana gure buruetan nola erregistratzen eta antolatzen den jakiten saiatzen gara; beraz, ez gaude hain kezkatuta Jesusek, Kolonek edo Nabukodonosorrek benetan egin zutenarekin, gehiago kezkatzen gaitu memoriaren figura gisa duten paperak”. “Beste hitz batzuk erabiliz, ez zaigu bereziki interesatzen historian benetan gertatutakoa, baizik eta nola gogoratzen dugun. Kolektiboki gogoratzeko prozesu horretan, aurrez aurre jartzen dugu komunitate mnemonikoen existentzia gatazkatsua, beren historia beste talde batzuekin gatazkan eraikitzen duten giza taldeena, hau da, gudu mnemonikoen erdian bizi gara, eta horien ondorioz, kasu jakin batzuetan, sufrimendua sortzen da, talde sozialei eragiten diena”.
“Trauma kulturala gertatzen da kolektibitate bateko kideak gertaera izugarri baten mende sentitzen direnean, eta horrek marka ezabaezinak uzten ditu beren talde kontzientzian, beren oroitzapenak betiko markatuz eta etorkizuneko nortasuna sakon eta modu ezeztaezinean aldatuz. Liburu honek esparru teorikoak aztertzen ditu memoria anitzen arteko talka ulertzeko, eta trauma kulturala azaleratzen duten kasu-azterketak aztertzen ditu, gaur egungo gudu mnemonikoen topografia soziomental bat osatuz”.