Osotara 40 lagun joan ziren “Sukaldariak eta zientzia” dibulgazio programaren udazkeneko lehenbiziko saiora. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren mende dagoen Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez sustatutako dibulgazio zientifikoko proposamen bat da. Saioa Verduarte jatetxean egin zen “Barazkiak eta izotza” izenburupean. Azaroaren 28an eta abenduaren 5ean beste saio bana eginen da.
Nacho Gómara barazkien sukaldaritzan duen ikuspegiagatik ezaguna den sukaldariak eta Ignacio Angós Iturgaiz NUPeko IS-FOOD Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko ikertzaileak parte hartu zuten ekitaldian. Idoya Fernández institutu bereko irakasle eta ikertzailea izan zen sukaldaritzako esperientzia horren moderatzailea.
Parte-hartzaileek dastaketa bat egin zuten, eta honako plater berritzaile hauek dastatu zituzten: kardu gordinez egindako entsalada, kalabaza krema laranjarekin eta berenjena ketua gazta kremarekin. Janariari laguntzeko, jatetxerako bereziki egindako ardo bat eta Cascanteko mistela bat eskaini ziren, eta horrela eman zitzaion amaiera zientzia eta gastronomia uztartu zituen gaualdiari.
Beste bi saio Baserriberrin
“Sukaldariak eta zientzia” programak aurrera jarraitzen du beste bi saiorekin, eta Baserriberri taberna jatetxean (San Nikolas kalea, 32) eginen dira. Azaroaren 28an eta abenduaren 5ean izanen dira “Antzinako teknikak: tradiziotik berrikuntzara.” izenburupean. Lehenengo saioan, Eneko Izkue (Basque Culinary Center), Luken Vigo (Bberri taldearen ikerketako eta garapeneko arduraduna eta sukaldaria) eta Idoya Fernández Pan irakaslea izanen dira, eta bigarren saioan, berriz, Eneko Izkuek eta Idoya Fernándezek parte hartuko dute, eta Danel Ortubayk Bberri taldearen aldetik. Saioetarako sarrera doakoa da, eta aldez aurretik izena eman behar da formularioaren bidez.