Azaroaren 20an eta 21ean, Unibertsitateen G-9 Taldearen Irakasleen Gaietarako Batzorde Sektorialeko kideak Zaragozako Unibertsitatean bildu dira José Antonio Mayoral errektorearen lehendakaritzapean, eta batzordekideek nabarmendu dute premiazkoa dela Gobernuak lehenbailehen ezagutaraztea Irakasle eta Ikertzaileen Estatutua, zeinak eragina izanen baitu Espainiako unibertsitate publikoetan. “Etorkizuneko Estatutua funtsezkoa izanen da erakunde horietako irakasle eta ikertzaileen jokabidea eta erantzukizunak definitzeko, eta profesionalaren ibilbidean garapen progresiboa ziurtatuko du eta lan ezegonkortasunaren aurka borrokatuko du”, ziurtatu dute.
Bigarrenik, irakasleen ebaluazioari, DOCENTIA programaren aplikazioari eta horrek irakasleen akreditazioan izanen lituzkeen ondorioei buruz eztabaidatu da, eta nabarmendu dira irakasleek beren karrera akademikoan aurrera egiteko orduan aurkituko lituzketen desberdintasunak, ezarritako formulen ezaugarrien arabera. Orobat gertatuko litzateke irakaskuntzako seiurtekoa esaten zaionarekin, ezarriko balitz. G-9 Taldeko unibertsitateen iritzian unibertsitateko irakaskidegoetako kide direnei eragiten dieten tresnak, gutxienez, estatuko gobernuak bateratu behar ditu, kidego nazionalak direnez”.


G-9 Taldeko Irakasleen Gaietarako Batzordeak Zaragozako Unibertsitatean egin zuen saioan parte hartu zutenak.
Bestalde, Espainiako unibertsitate-zentro pribatuen gorakadaren aurrean, G-9 Taldeko irakasleen arduradunen artean adostasuna dago unibertsitate publikoek beren indarguneak azpimarratu behar dituztela, bereziki, ezagutzak eta teknologia sektore produktiboari eta gizarte osoari transferitzeko gaitasuna. Gobernuari eskatzen zaio berrikus ditzala unibertsitate berriak sortzeko arau erregulatzaileak.
Gainera, batzorde sektoriala kezkatuta dago LOSU ezartzearekin lotutako hainbat gairen garapenarekin, hala nola irakasle laguntzaile doktoreentzat aurreikusitako tarteko ebaluazioa.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea ere, azken biak entitate laguntzaile gisa.