Joan eduki nagusira

Doktoretza aurreko ikerketarako bi Fulbright beka aurkeztu zituzten atzo Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren eta Fulbright Batzordearen arteko akordio baten ondorioz. Beka horiei esker, Nafarroako unibertsitate eta ikerketa-zentroetan goi mailako ikasketak egiten ari diren doktoregaiek Estatu Batuetan ikerketa proiektuak egiten ahalko dituzte 2025-26 ikasturtean. Beka horiei esker, Espainiako programa orokorrak estatu osorako eskaintzen dituen bekez gainera beste bi beka eskainiko ditu Nafarroak. Guztira, 55.00 euroko partida bideratu da, eta 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Proiektuan jasota dago.

Beken eredu hori bat dator 2021-2025 aldirako Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin, zeinak 29 neurriren artean jasotzen baitu “SINAIko agenteek kontratatutako ikertzaileen nazioarteko egonaldiak sustatzea”, “ezagutza osagarriak eskuratzeko eta etorkizuneko ekintza bateratuak sortuko dituzten nazioarteko aliantzak sortzen laguntzeko”.

zoom Beken aurkezpena NUPeko Jerónimo de Ayanz zentroan. Ezkerretik eskuinera: Alberto López, Mercedes Sánchez, Victoria Ruiz eta Fanlo kontseilaria.

Beken aurkezpena NUPeko Jerónimo de Ayanz zentroan. Ezkerretik eskuinera: Alberto López, Mercedes Sánchez, Victoria Ruiz eta Fanlo kontseilaria.

Diru-laguntzaren barruan sartzen dira bidaia-gastuak eta bekadunentzako hileko diru-kopuru bat, honako kontzeptu hauek barne hartzen dituena: ostatua eta mantenua, proiektu-gastuak, zentro hartzaileko tasak eta mediku-asegurua eta lehen instalazioko gastuak. Egonaldiek gutxienez ere sei hilabete iraunen dute eta gehienez ere hamabi hilabete jarraian, berritzeko eta luzatzeko aukerarik gabe. 2025eko irailen 1a eta 2026ko abenduaren 31 artean hasi beharko dute, eta 2026ko abenduaren 31 baino lehen amaitu.

Eskaerak aurkezteko azken eguna abenduaren 10a da, eta Fulbright atariaren bidez aurkeztu behar dira. Atarian badago orobat programari, sartzeko baldintzei eta hautaketa prozesuaren egutegiari buruzko informazio zehatza.

Aurkezpen-saioan izan ziren Patricia Fanlo Mateo Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Mercedes Sánchez NUPeko Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendaria (NADOE), Alberto López, Fulbright-Espainia Batzordeko zuzendari exekutiboa, Victoria Ruiz batzorde horretako programaburua eta Guillermo Bea Nafarroako Gobernuaren I+G+bko Zerbitzuaren zuzendaria.

Nafarroak Fulbright bekekin duen harremana

1958an Espainian ezarri zirenetik, Fulbright bekek lotura estua izan dute Nafarroarekin, bai Espainiako bai Estatu Batuetako ikertzaileen esparruan. Alde horretatik, gaur arte, Foru Komunitatearekin jaiotzagatik, ikasketengatik, bizilekuagatik edo enpleguagatik lotura duten 170 lagunek lortu dute beka horietako bat. 

Doktoretza aurreko programari dagokionez, 2019an hasi zenetik, beka eskatu duten 540 lagunetatik 13k zeukaten lotura Nafarroarekin, eta emandako 113 beketatik 3 lurralde horretako pertsonentzat izan dira. Egun, Nafarroako bi bekadun aktibo daude Estatu Batuetan, eta beste batek 2025eko otsailean hasiko du egonaldia.

Talentua erakartzeari dagokionez, programa Espainian hasi zenetik, Fulbrightek beka emandako 15 estatubatuarrek aukeratu dute Foru Komunitatea ikasketa, ikerketa edo irakaskuntza proiektuak garatzeko eta zenbait erakunderekin lankidetzan jardun dute, hala nola NUP, Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Artxibo Nagusia.

Fulbright beken historia

Fulbright Bekak 1946an sortu ziren J. William Fulbright senatari estatubatuarraren eskutik. Espainian ezarri direnetik igaro diren 66 urteetan, 6.136 espainiarrek egin dituzte ikasketak Estatu Batuetan eta 4.545 estatubatuarrek gure herrialdean.

Historian zehar Fulbright beka bat lortu dutenen artean daude 66 Nobel sari, 89 Pulitzer sari, 6 Asturiasko Printzea sari eta hamar sari nazional baino gehiago. Orobat Nazioarteko Lankidetzako Asturiasko Printzea saria jaso zuen programak 2014an.