L 'Aube departamenduko (Frantzia) ordezkaritza batek Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) bisitatu du Tibalt II.a erregearen eskultura ezagutzeko. Eskultura Arrosadiko campuseko liburutegian dago, eta Antonio Eslava Urra artista nafarraren lana da. Eskulturaren irudia Xanpaina Etxeak XIII. mendean Nafarroan izandako historiari buruzko erakusketaren katalogoan sartu nahi dute. Erakusketa Frantziako Xanpaina lurralde historikoan egonen da ikusgai. Roldán Jimeno Aranguren erakunde akademikoko idazkari nagusiak gidatu ditu ibilbidean Arnaud Baudin departamendu horretako Artxiboen eta Ondarearen zuzendaria eta Camille Taboulot Europako Kontseiluko Ibilbide Kulturalen arduraduna l’Auben.


Camille Taboulot, Arnaud Baudin eta Roldán Jimeno, Tibalten eskulturarekin ondoan. Eskultura Antonio Eslavaren lana da.
Eskultura 1995ekoa da, eta “Tibalt erregea” du izena. Burdina forjatuaz dago egina, eskuz mailukatua eta sutan patinatua. Nafarroako errege izan zenaren aurpegia uharri bat da.
Eskultura honen bidez, NUPek omenaldia egiten dio Tibalt II.ari (Provins, Xanpaina, 1239 – Trápani, Italia, 1270). Erregeak Nafarroako lehenengo unibertsitate publikoa sortu zuen 1259an Tuteran. Unibertsitate hori Europako lehenengo unibertsitateetako bat ere izan zen. Aita Santuak zegozkion baimenak eman bazizkion ere, unibertsitatea urte gutxi batzuk baino ez zen egon irekita.