Joan eduki nagusira

Siemens Energy teknologia energetikoaren arloan mundu mailako enpresa liderrak Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) bisitatu du bi erakundeen arteko lankidetza estrategikoa indartzeko. Bileran Energia Berriztagarrien Katedraren eta ikerketa-institutuen jarduerak aurkeztu ziren. Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Fakultateko ikasketa-programa nagusiak aurkeztu ziren, dauden lankidetzak eztabaidatu ziren eta ikerketa-proiektu eta doktoretza-tesi berrien aukerak aztertu ziren.

zoom NUPen eta Siemens Energy enpresaren ordezkaritzak, Errektoretzako eraikinean. Ezkerretik eskuinera: Vicente, Falcone, Arregui, Portugués, Gonzalo, Dietrich, Méndez eta Arellano.

NUPen eta Siemens Energy enpresaren ordezkaritzak, Errektoretzako eraikinean. Ezkerretik eskuinera: Vicente, Falcone, Arregui, Portugués, Gonzalo, Dietrich, Méndez eta Arellano.

Bisita hasteko, NUPek harrera instituzionala egin zien honako hauen eskutik: Ramón Gonzalo errektorea, Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordea, Francisco Falcone Lanas Smart Cities Institutuko (ISC) zuzendaria eta Begoña Vicente Yenes Ikerketa Institutuetako negozio garapeneko zuzendaria.

Bestalde, honako hauek osatu zuten Siemens Energy enpresaren ordezkaritza: Iliana Portugués Peters, Berrikuntzako lehendakariordea; Jens Dietrich, Elkarte Estrategikoen eta Berrikuntzako Esperientziaren burua; Leticia Méndez García, Energia Eolikoaren Teknologiako Portafolioaren kudeatzailea; eta Jesús Arellano Aguado, Flotak Optimizatzeko burua (Kargak, Kontrola eta Softwarea).

NUPera egindako bisitan, Siemens Energy enpresaren ordezkaritza energian espezializatutako bi laborategitan ibili zen, eta honako hauek ezagutu zituen: karbono dioxidoaren (CO₂) harrapaketarekin lotutako proiektuak, NUPen “spin-off”-etako bat (Vors Control enpresa teknologikoa) eta droneen laborategia. NUPeko lan arloen aurkezpenaren harira, solasaldi emankorra izan zuten bi ordezkaritzek, eta sinergiak eta lankidetza arloak zehaztu zituzten.

Energiaren sektorean liderra den multinazionala

Siemens Energy  multinazional bat da, egoitza Berlinen du (Alemania), eta laurogeita hamar herrialdetan dago. Energiaren sektoreko arlo guztietan garatzen du bere jarduera, hala nola energia konbentzionala, energia berriztagarria, sareen teknologia eta prozesu industrial konplexuen biltegiratzea eta elektrifikazioa. 98.000 langileen xedea da enpresei eta herrialdeei laguntzea berotegi efektuko gasen emisioak murrizten eta energia segurua, eskuragarria eta jasangarriagoa izaten.