Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) aurreakordioa lortu dute “unibertsitatearen ingurunea biziberritzeko, etxebizitzak eraikitzeko eta berdegune jasangarriak sortzeko Sadar ibaiaren hegoaldean”.
NUPen Udalez Gaindiko Plan Sektoriala (UGPS) berrikusiko da, eta Chivite lehendakariak esan duenez, “horri esker komunitatearen bizitza aberastuko da, jasangarritasuna sustatuko da, klima-aldaketari aurre eginen zaio eta ingurumena hiriko bizitzarekin harmonizatuko da”. Gainera, lehendakariaren esanetan, “Iruñeko unibertsitate campusa hiriaren erdigunean egonen da, eta NUP Nafarroako gizartearen modernotasunaren eta berrikuntzaren erreferentea eta nafar gizartearen eragilea izanen da”. Gaur, asteartea, azaroak 19, egin den aurreakordioaren aurkezpenean, Nafarroako lehendakariak gogorarazi du hogeita hamar urte igaro direla lehen UGPSa onartu zenetik. Hori dela eta, “beharrezkoa da Unibertsitatearen egungo hirigintza-ingurunea hirian izandako aldaketa handietara egokitzea”.
Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak bere hitzaldian azpimarratu du akordioa “urrats garrantzitsua” dela NUPeko UGPSaren barruan dauden Arrosadiko campuseko lurzoruen berrantolaketan. Aldaketari esker Iruñeko hiri-sarearen parte izatera igaroko da. Alde horretatik, Ramón Gonzalok nabarmendu du NUPek konpromisoa duela Iruñeko hiriaren garapenarekin, kasu honetan, Arrosadiko urbanizazioaren hegoaldeko frontea itxi eta Sadar ibaiaren parkea osatzeko.
Errektoreak azaldu du, halaber, UGPSaren aldaketari esker Iruñeko Udalak NUPeko UGPSaren barruan dituen lurzoru guztiak erosi ahal izango dituela NUPek, eta, horrela, Taxoare kalearen eta Lezkairu auzoaren arteko eremuan dauden jabetza pribatuko lurrak etorkizun hurbilean integratzeko prozesua hasiko dela. Esan duenez, gune hori beharrezkoa da Arrosadiko campusa handitzeko irakaskuntza- eta ikerkuntza-premiei aurre egiteko. Halaber, adierazi du hitzarmenak mugikortasun plan baten garapena jasotzen duela, egunero Arrosadiko campusera joaten diren 11.000 lagun baino gehiago modu jasangarrian sartu ahal izateko.
Bestalde, Joseba Asiron Iruñeko alkateak esan duenez, “Udala beti ahalegindu da unibertsitate ingurunearekin harreman estua izaten”. Aurreakordio horrekin, “hurbilketa ukigarri eta fisikoa lortu dugu, hiria unibertsitateraino eramanez eta hiri-ingurunea hobetuz, etxebizitza, zerbitzu eta zuzkidura-espazio berriekin”, gaineratu du.
Iparraldetik, Iruñeko alkateak esan duenez, transformazio horrek "hiri-fatxada" berri bat sortuko du, eta unibertsitateko sarreraraino iritsiko da. Eta, hego-mendebaldetik, “Sadarreko antzinako altzairu-fabriken aztarnak ezabatuko ditugu, eta Iruñerako sarrera hobetuko duen kalitatezko ibai-berdegune bat berreskuratuko da, non unibertsitatea, Sadar estadioa eta Nafarroa Arena elkartzen diren”.
Berdegune eta bizitegi-erabilera gehiago
NUPeko UGPSak 1,2 milioi metro koadro ditu. Gaurko aurreakordioari esker, 33.089 metro koadro berdegune berritarako izanen dira, eta 24.835 metro koadro bizitegi-erabilerarako. Horri esker, campusak 20.000 metro koadro baino gehiago lortuko ditu inolako kosturik gabe, eta U2 eta U8 unitateen eta U1 unitatearen zati baten erabilgarritasuna osatuko da (Taxoare kalearen eta Lezkairu auzoaren artean).
Aurreakordioak jasotzen duenez, egungo testuinguru urbanistikoan beharrezkoa da NUPeko UGPSa berrikustea, “campuseko espazio perimetralak mugakide diren hiri-sareekin koherentzia eta kalitate urbano handiagoarekin artikulatzeko”. Egiaz, azken urteotan, aldaketa handiak gertatu dira hiri-ingurunean, Arrosadiko, Lezkairuko, Mutiloako eta Mutiloenarteko hirigintza-garapenen ondorioz. Garapen horiek campuseko mugetara iritsi dira, eta, horren ondorioz, gune hondatuak eta erabili gabeak daude, bereziki Iruñeko udalerrian, Katalunia etorbidearen iparraldean eta Sadar ibaiaren inguruan.
Helburua da hiriak campusarekin bat egiten duen lekua “berrantolatzea”, helburu bikoitzarekin: Arrosadiko bizitegi-garapena Unibertsitatearen erdigunera zabaltzea eta Iruñeko hiri-azpiegitura berdea garatzen laguntzea, Sadar ibaiaren hegoaldean berdeguneak eginez, irisgarriak eta ibai-korridorera konektatuak, klima-aldaketara egokitzeko irizpideekin.
NUP oinarri duen hiri-zentraltasuna
Nafarroako Lurralde Estrategiarako, NUP “Iruñeko metropoli-eremuaren bihotza” da, aurreakordioaren arabera. NUP “Nafarroako atea” baita, jakintzaren, informazioaren, kulturaren, harreman ekonomikoen eta berrikuntzaren jatorria eta helmuga, “kalitate handiko hiri-espazio bat behar du hiri lehiakor, adimentsu eta jasangarriaren ikur gisa”, eta behar bezala integratu behar ditu zuzkidurak, berdeguneak eta bizitegi-eremuak.
UGPSaren berrikuspenari esker, Iruñeak helburu urbanistiko eta sozial garrantzitsuak beteko ditu. Gainera “NUP oinarri duen hiri-zentraltasun berri bat garatuko da: Arrosadiko bizitegi-sarea amaitzea, zuzkidurak eta bertako zerbitzuak sortzea eta hiri-parkeari jarraipena ematea”.
Bitartean, NUPek doan lortuko du lurzorua U1, U2 eta U8 unitateetan, bere helburuak betetzeko. Urbanizazio-kostu garrantzitsuak saihestuko ditu, eta egun zenbait lekutan degradatuta dagoen ingurune baten irudia hobetuko du.
Jarraipen Batzordea
Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren eta NUPen arteko hitzarmenean ezarritako helburuak, ezarpena, jarraipena eta ebaluazioa betetzen direla bermatzeko, Jarraipen Batzorde bat sortuko da. Administrazioen arteko koordinazio egokia erraztu eta sor daitezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak konpondu nahi dira.
Honako hauek osatuko dute Jarraipen Batzordea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren ordezkari bat, zeina batzordeburua izanen baita; Lurralde Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari bat, Iruñeko Udalaren ordezkari bat eta NUPen ordezkari bat.
Historia
NUPeko lehen UGPSa, unibertsitatea Iruñean ezartzeko egindakoa, 1990eko abuztukoa da. Orduan egin ziren lehen urratsak Nafarroako Unibertsitate Publikoa martxan jartzeko. Kalkulatutako lurzoru-erreserba ezarri zen epe labur, ertain eta luzerako beharrei erantzuteko. Gainera, unitate funtzionalen egitura bat ezarri zen, eraikin eta espazio libreen hazkunde harmoniko eta ordenatua ahalbidetu zezaten, hezkuntza-lana behar bezala garatzeko.
Onartu zenetik, Nafarroako Gobernuak UGPSaren sei aldaketa onetsi ditu bere behar eta egokitzapen berriei erantzuteko.