Joan eduki nagusira

Prometeus programa joan den urtean jarri zen martxan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta ikasturte honetan unibertsitateko zenbait gradutako 19 ikasleri laguntzen die.  Proiektua lau fasetan garatzen da, institutua eta unibertsitatetik pasa osteko laneratzea barne, eta haren xedea da zaurgarritasun egoeran dauden ikasleak unibertsitateko goi mailako ikasketetan hasi daitezen eta jarraitu dezaten bultzatzea, kontuan hartuta  prozesu hori baldintzatzen ahal duten faktore sozioekonomikoak, hala nola migratzea, landa-eremuan bizitzea, etab., ekitatea sustatzeko eta hezkuntza arloko desparekotasunei aurre egiteko.

zoom Mentoretza sozialeko prozesuan parte hartzen duten institutu eta ikasleetako batzuk.

Mentoretza sozialeko prozesuan parte hartzen duten institutu eta ikasleetako batzuk.

Programaren lehen fasea institutuan garatzen da, non bigarren hezkuntzako ikasleak (DBH eta Batxilergoa) informatu, aholkatu eta motibatzen baitituzte unibertsitaterako sarbideari buruz (modu pilotuan hasi da Plaza de la Cruz institutuan eta Caro Baroja institutuan). Bigarren faseak, trantsizio fasea deiturikoak, institutua amaitzen denetik unibertsitatera sartu arteko laguntza eta presentzia biltzen ditu. Hirugarren fasean, ikasleak dagoeneko NUPen daudenean, banakako laguntza ematen zaie tramiteak egiteko, bai eta zeharkako laguntza ere esparru akademikoan, pertsonalean eta emozionalean.

Ekimenaren teknikariek azaltzen dutenez, une honetan lehen fasea eta hirugarrena aldi berean egiten ari dira aipatu ikastetxeetan, NUPen ikasten ari diren beste ikasle batzuekin (hasieran adierazitako 19 lagunak). Ezarri zen lehenengo urtean, 70 lagunekin lan egin zuten banaka bi institutuetan, eta horietako batzuek unibertsitatean (NUPen edo beste batzuetan) ikastea erabaki zuten edo beste bide batzuei jarraitzea.  “Ikasturte honetan bi ikastetxeekin lanean jarraitzea espero da modu berean edo hobeto, aurreko urteko esperientziari esker eta programak hazten jarraituko duelakoan eta NUPeko Prometeus ikasleen taldea gero eta handiagoa izango delakoan”, esan dute programaren arduradunek.

Prometeusen, ikasle parte-hartzaileak “itzulkin soziala” deiturikoaren bidez konprometitzen dira programarekin, hau da, programako ikasleek berek parte-hartzaileen belaunaldi berriei laguntzeko ekintzetan eta ekimenetan parte hartzen dute.

Mentoretza soziala eta eskola laguntzarako taldeak

Berritasun gisa, ikasturte honetan mentoretza soziala sortu da Prometeusentzat, eta graduko 3. eta 4. Ikasmailako eta masterreko bost ikasle mentoretza-lana egiten ari dira aipatutako institutuetako beste hainbeste lagunekin ikasturte amaiera arte. Neurri horrek “nerabeentzako erreferenterik eza” arintzen du, eta hori da detektatu den gabezia nagusietako bat, “goi mailako ikasketetako sarbiderako eredurik ez izateko eragina duena”, adierazi du Prometeusek.

Ikasturte honetako beste berrikuntza bat izanen da AULEXNAko (NUPeko Esperientziaren Gelako ikasle ohien elkartea) boluntarioek emandako eskola-laguntzako taldeen garapena. Oraingoz, bi pertsonak lagunduko diete bi ikastetxeetako DBHko 4. ikasmailako ikasleei matematikan eta ingelesean, eskolaz kanpoko errefortzu hori eskuragarri egoteko. “Ekimen hau sortu da jabetu direlako hezkuntza arloko desparekotasuna hasieratik datorrela, familia inguruneak eta egoera sozioekonomikoak baldintzatuta”, azaldu dute Prometeuseko arduradunek. Azkenik, auzoko unitateekin koordinazio-lana egiten jarraitzen dute, eta zenbait auzotako sareetan parte hartzen dute, hala nola Iturrama, Zabalgunea eta laster Sanduzelai, “ikasketekin jarraitzea lagunduko duten ekintzak egin ditzan komunitateak”, esan dute bukatzeko.

Gogoan izan behar da Prometeus programak Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiaren finantziazioa duela, eta lankidetza-hitzarmen bat sinatu da harekin.