Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Justizia Errestauratiboko Unibertsitate Titulua emanen du 2025ean, Nafarroako Gobernuaren Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuarekin lankidetzan diseinatua. 100 orduko prestakuntza da, ikasleentzat % 90ean diruz lagundua, bi erakundeen lankidetzari esker. 

zoom Tituluaren aurkezpena. Ezkerretik eskuinera, Jorge Ollero; Amparo López kontseilaria eta Inés Olaizola NUPeko katedraduna.

Tituluaren aurkezpena. Ezkerretik eskuinera, Jorge Ollero; Amparo López kontseilaria eta Inés Olaizola NUPeko katedraduna.

Aipatu titulua gaur, astelehena, azaroak 18, aurkeztu da “Kontakizun errestauratiboak” jardunaldiaren hasieran. Han izan dira Amparo López Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inés Olaizola Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Penaleko katedraduna eta Nafarroako Gobernuaren Jorge Ollero Gizarteratzeko, Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuko zuzendaria.

Ikastaroa egiten dutenak zigor-arloko bitartekotza-prozesuak, zirkulu errestauratiboak eta justizia errestauratiboko beste teknika batzuk egiteko gaituko dira, eta genero-ikuspegia ikuspegi intersekzionaletik aplikatzeko tresnak eskuratuko dituzte. Justizia errestauratiboko taldeetako kide direnei edo kide izan nahi dutenei eta gatazkei aurre egiteko eta kalte pertsonal eta sozialak konpontzeko paradigma berrietan interesa dutenei zuzendutako prestakuntzak, alde batetik, justizia errestauratiboaren eta praktika errestauratibo komunitarioen funtsezko alderdiak jorratuko ditu, eta, bestetik, eremu horretan esku hartzeko teknikak. 

Nafarroako mikrokredentzial unibertsitarioak

Ikastaroa mikrokredentzial unibertsitarioen barruan dago. Mikrokredentzial horiek prestakuntza-egiaztagiriak dira, eta zenbait arlo eta gaitako ezagutza, gaitasun edo konpetentzia jakinak lortzera bideratuak daude. Ikastaroak formatu malguan ematen dira, ikasle helduen beharretara egokitzeko. 

Nafarroan, NUPek 783 mikrokredentzial eman behar ditu 2026ra arte. Horretarako, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez, 652.271 euro esleitu zizkion.