Carmen Rodrigo Carbó Zaragozako Unibertsitateko ikertzaileak irabazi zuen atzo, osteguna, azaroak 14, Iruñean egindako Tesiak 3 minutuan lehiaketa. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Campus Iberusek, Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusak, antolatutako dibulgazio zientifikoko lehiaketa bat da. Irabazleak, zeinaren aurkezpenak “Nutrición y diabetes tipo 2” baitzuen izenburua, Medikuntzako doktoretza-programa egin du, eta 1.000 euroko saria eskuratu du. Lehiaketaren lehenengo accesita Julio César Moreno Alfonsorentzat izan zen “Esofagitis eosinofílica e índices celulares: ¡Más precisión y menos invasión!” izeneko bakarrizketari esker. Moreno Nafarroako Unibertsitate Publikokoa (NUP) da, eta Osasun Zientzietako doktoretza programa egin du. Azkenik, bigarren accesita Errioxako Unibertsitateko Sandra A. Martínez Álvarezentzat izan da “Bacterias con superpoderes ¿Un arma letal?” izeneko aurkezpenari esker. Martínez Zientzia Biomediko eta Bioteknologikoetako doktoretza programako ikaslea da. Accesit bakoitzak 600 euro eskuratu ditu.


Irabazleak, finalistak, epaimahaikideak eta doktoretza-eskoletako arduradunak, Bisitazioko Amen eraikineko Ansoleaga aretoan, non Tesiak 3 minutuan lehiaketaren finala egin baita.
Finalean, Campus Iberuseko lau unibertsitateetan prestakuntzaldian dauden edo doktore titulua eskuratu berri duten hamahiru ikertzailek hartu zuten parte: bi Nafarroako Unibertsitate Publikokoak dira (NUP), sei Zaragozako Unibertsitatekoak, hiru Errioxako Unibertsitatekoak eta bi Lleidako Unibertsitatekoak.
Hiru irabazleez gain, Isabel San Martín Erice NUPeko ikertzaileak ere hartu zuen parte. Beste bost Zaragozako Unibertsitatekoak ziren: Julia Guerrero Viu, Jorge Guío Martínez, Soraya Hernández Hatibi, Juan Carlos Morales Solís eta Tamara Pardo Yanguas. Aipatutakoaz gain, honako lagun hauek ordezkatu zuten Errioxako Unibertsitatea: Rocío del Campo Pedrosa eta Mario Sergio Pino Hurtado. Lleidako Unibertsitatea, berriz, honako hauek: Esther Rodrigo Claverol eta Marta Salvador Almela.
Finaleko epaimahaia
Epaimahai batek ebaluatu zituen finalistak, eta honako hauek osatu zuten epaimahaia: Ramón Gonzalo NUPeko errektorea izan zen epaimahaiburua; epaimahaikideak izan ziren, berriz, Aránzazu Jurío Munárriz NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea, Mónica Ruiz de la Cuesta Belzunce Iruñeko San Juan de Dios Ospitaleko Komunikazio arduraduna, Blanca Bauluz Lázaro Zaragozako Unibertsitateko Kristalografiako eta Mineralogiako katedradun eta unibertsitate horretako RISArchers taldeko bakarrizketaria eta José Antonio Caballero López Errioxako Unibertsitateko Greziar Filologiako katedraduna.
Finala Javier Izu Otermin RTVEren Nafarroako lurralde-zentroko zuzendari eta kazetariak aurkeztu zuen, eta Iruñerriko Mankomunitatearen egungo egoitzan, Iruñeko Bisitazioko Amen eraikineko komentu zaharrean, dagoen Ansoleaga aretoan egin zen.
NUPen ekimen aitzindaria
Lehiaketa hau Campus Iberuseko (Errioxako, Lleidako eta Zaragozako unibertsitateetako eta NUPeko) lau unibertsitateetako ikertzaileek parte hartzen duten hamargarrena da, eta NUPek antolatzen duen hirugarrena; izan ere, 2012an NUP hasi zen lehiaketa antolatzen, eta, gero, Nazioarteko Bikaintasuneko Campus osora zabaldu zen. Urrian, finalaurrekoak izan ziren Errioxako eta Lleidako unibertsitateetan. Finalaurrekoetara aurkeztu ziren 27 ikertzaileen artean hamahiru finalista hautatu zituzten.
Ikertzaileen komunikatzeko gaitasuna baloratu da batez ere lehiaketan, hau da, nola transmititzen dizkioten labur-labur kontzeptu espezializatuak publiko orokorrari eta zer-nolako trebetasuna duten ikerketako emaitzekin entzuleen gogoa berotzeko.
Tesiak umorearen eta arte grafikoen bidez
Campus Iberusen Tesiak 3 minutuan lehiaketaren hamargarren edizioa dela-eta, finalean ARTesiak: tesiak umorearen eta arte grafikoen bidez deszifratzen proiektua aurkeztu zen, zeinak zientziaren eta artearen mundua uztartzea baitu xede lehiaketara aurkeztutako doktoretza-tesi nabarmenenen komikien formatuko ilustrazioak sortzeko. Ekimenak Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntza du.