Joan eduki nagusira

Eskolako ongizate emozionala izanen dute aztergai heldu den asteazkenean, azaroak 20, I-COMMUNITAS Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) gizarte-ikerketa aurreratuko institutuak eta erakundeko Aprender-Ikasi Katedrak antolatutako jardunaldi batean. Saioak 9:30etik 14:00etara eginen dira Nicolás García de los Salmones aretoan (Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikinean). Sarrera doakoa da, eta izena eman behar da aldez aurretik. Hitzaldiei eta hizlariei buruzko programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko. 

zoom TEXTO ALT

NUP.

Jardunaldien antolatzaileek azaldu dutenez, azkenaldiko krisiek, hala nola COVID-19 pandemia, agerian utzi dituzte
pertsonen osasun mentalaren ahuleziak, baita gazteenen kasuan ere. Isolamendu sozialak, hezkuntzako disrupzioak eta
etorkizunari buruzko ziurgabetasunak areagotu egin dituzte antsietatea eta depresioa gazteen artean, eta gainditzen zailak diren emozio kontraesankorrei aurre egin behar diete orobat. Emozioen kudeaketa funtsezkoa da ongizate pertsonal eta kolektiborako edozein erakunde edo komunitatetan. “Eskolak, garapen pertsonalerako ezinbesteko eremu gisa, lorpen akademikoetarako bitartekoa izateaz gain, lorpen emozionaletarako bitartekoa ere izan behar du, eta horretarako gaiari arreta jarri eta hezkuntza-komunitate osoak partekatutako lan kontziente eta espezifikoa egin behar da. Etengabe sakondu eta eguneratu beharreko zeregina da hori”, esan dute amaitzeko.

Pablo Fernández Berrocal Malagako Unibertsitateko Psikologiako katedradunak emanen du hasierako hitzaldia: “Adimen emozionala: gure osasuna eta ongizatea hobetzeko ezinbesteko zeregina”. Jarraian, bi mahai-inguru eginen dira: batetik, ongizate emozionala eta eskolako esku-hartzea; eta, bestetik, laguntza- eta balorazio-proiektuak. Lehenengoan, Mark Beyebach NUPeko irakasleak, María Calatrava Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileak eta Adriana Goñi Nafarroako osasun mentaleko sareko psikologo klinikoak hartuko dute parte. Bigarrenean, Raquel Álvarez Mendillorri BHIko zuzendari laguntzaileak, Álex Calvo Nafarroako Saskibaloi Federazioko jardueren eta ekintza sozialaren arduradunak eta Medicus Mundiko Montxo Orozek eta Javier Astrainek hartuko dute parte.