Alberto Jáuregui Virto eta Hodei Sarasa Camacho Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleek, Nafarroako Gobernuaren eta Tafallako Udalaren laguntzarekin, Nafarroan haurrak eta nerabeak babesten dituen esparru komunitarioari buruzko I.. jardunaldia antolatu dute. Jardunaldia azaroaren 22an eginen da. Saioa 10:00etatik 14:00etara eginen da Tafallako Kultur Etxean, eta bertara joateko izena eman behar da dagokion inprimakia beteta. Ekaitz Irujo Compains NUPeko Prometeus mentoretza-proiektuaren kudeatzaileetako batek ere parte hartu du antolaketan.
Alberto Jáuregui Virto irakasleak emanen du jardunaldien hasierako hitzaldia. Jarraian, Nafarroan babes komunitariorako dauden jardunbide egoki batzuk azalduko dira Rosa Múgica Martínez Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kideak moderatutako mahai-inguru batean. Zehazki, esperientzia hauei buruz hitz eginen da: Kaskicos herritarren partaidetza; Siñarzubi haur eta gazteen federazioaren hezitzaile komunitarioen ikastaroa; Antsoaingo Gazteriaren Etxearen proiektu komunitarioa; eta Guratxuri gurasoen prestakuntzarako eskola komunitarioa. Atsedenaldia egin eta Nafarroako auzo eta herrietako prebentzio proiektuei buruzko posterrak aurkeztu ondoren, Nafarroako Gobernuaren prebentzio komunitarioari buruzko deialdiaren emaitza diren esperientzia pilotuak azalduko dira: Oibarko Iratxoak, Oibarko Udalekoa; Paraguas comunitario, Fiteroko Udalekoa; eta La Tribu, Tafallako Udalekoa.
Jardunaldien hasieran parte hartuko dute, NUPen aldetik, Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak eta Hodei Sarasa Camacho irakasleak. Orobat parte hartuko dute Amalia Cuartero Arteta Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren zuzendariordeak eta Xabier Alcuaz Andueza Tafallako alkateak. Mari Carmen Maeztu Villafranca Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emanen die amaiera jardunaldiei.