Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hasi ditu “Yo quiero ser científica” antzezlanaren euskarazko bertsioaren emanaldiak. Erakunde akademikoko emakumezko ikertzaileek sortu eta antzeztutako dibulgaziozko antzezlana da, eta historian zehar zientzian eta teknologian nabarmendu diren emakumeak ezagutarazi nahi ditu. Ikuskizunak, zeina orain arte bakarrik gaztelaniaz eskaintzen baitzen, “Emakume zientzialaria izan nahi dut” du izenburua, eta hezkuntza- eta kultura-proposamen hori euskaraz ikasten ari diren Lehen Hezkuntzako 1. ikasmailatik 6. ikasmailara bitarteko ikasleei hurbiltzea du helburu.
Ezkerretik eskuinera: Kizkitza Insausti (Margarita Salas), Nazareth Torres (Hedy Lamarr), Silvia Arazuri (Klara Von Neumann), Oihane Oneka (Edith Clarke), Ana Zabalza (Hipatia Alexandriakoa) eta Maitane Maisterra (Maria Sibylla Merian).
Antzezlanak ibilbide bat proposatzen du ezagutza zientifikoari ekarpen garrantzitsuak egin zizkioten emakumeen bizitzan zehar, zorroztasun historikoa dibulgazioarekin eta entretenimenduarekin nahasten duen formatu batean. Euskarazko bertsioan agertzen diren zientzialarien artean, hauek daude: Hipatia Alexandriakoa, matematikaria, astronomoa eta antzinate klasikoko filosofoa; Maria Sibylla Merian, naturalista eta margolaria, XVII. mendean intsektuei buruz egindako ikerketengatik ezaguna; eta XX. mendeko lau figura, hala nola Edith Clarke, ingeniaritza elektrikoan aitzindaria; Klara Von Neumann, informatikaria; Hedy Lamarr, telekomunikazio ingeniaria eta asmatzailea, eta Margarita Salas, biokimikaria. Antzerki-emanaldiak emakume horien lana eta garai bakoitzean aurrez aurre izan zituzten erronkak nabarmentzen ditu.
Euskarazko bertsioko antzezleak
Honako hauek osatzen dute emakume zientzialarien rolak jokatzen dituen taldea: Silvia Arazuri Garín, Kizkitza Insausti Barrenetxea eta Ana Zabalza Aznárez (guztiak Nekazaritzako Ingeniaritzako doktoreak), Maitane Maisterra Udi (Kimikako doktorea), Oihane Oneka Mugica (Nekazaritzako Ingeniaritzako masterduna) eta Nazareth Torres Molina (Biologiako eta Ingurumeneko doktorea). NUPeko sei ikerketa-institutuetatik hirutan egiten dute lan: Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutua (INAMAT2), Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutua (ISFOOD) eta Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutua (IMAB).
Euskarazko emanaldiak NUPek Iruñean duen Arrosadiko campusean ere eginen dira ikasturteko bigarren seihilekoan. Interesa duten ikastetxeek erakunde akademikoaren webgunean eskuratzen ahal dute informazio gehiago.
Azken bost urteetan, Nafarroako 64 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 9.000 ikaslek baino gehiagok ikusi dute lan honen gaztelaniazko bertsioa NUPeko Arrosadiko campusean.