Joan eduki nagusira

Eliana Alemán Salcedo, Lohitzune Zuloaga Lojo eta Elisa Sierra Hernáiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta I-COMMUNITAS Gizarte Ikerketa Aurreratuko Institutuko ikertzaileek “Liderazgo de las mujeres en y a través de los sindicatos de la Comunidad Autónoma de Euskadi: facilitadores, barreras y desafíos” ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak berdintasunari buruzko ikerketa proiektuen urteroko deialdiaren bidez (2022) finantzatu du proiektua. 

zoom emakunde

Ikertzaile taldea, NUPen, artxiboko argazki batean. Ezkerretik eskuinera: Lohitzune Zuloaga, Eliana Alemán eta Elisa Sierra.

Ikerketa egiteko, egileek Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten lau sindikatuetan ardurak dituzten ehun bat emakume elkarrizketatu dituzte: Eusko Langileen Alkartasuna (ELA), Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB), Langile Komisioak (CC.OO.) eta Langileen Batasun Orokorra (UGT). Ikertzaileek adierazi dutenez, erakunde horiek pixkanaka feminizatu dira, eta gaur egun, horietan guztietan parekotasuna dago edo sexu bakoitzaren presentzia % 60 eta % 40 artean dago. Ikertzaileek azaldu dutenez, azterlanean parte hartu dutenek positibotzat jotzen dute emakumeen presentzia handiagoa izatea, dibertsitatea eta askotariko erreferenteak ematen baititu. 

“Jasotako testigantzetatik ondorioztatzen da emakumezko lider sindikalak ahaldundu egin direla, eta agerikoa dela ahalduntze horren dimentsio indibiduala eta, batez ere, kolektiboa. Hala ere, ahalduntzea ez da prozesu espontaneoa eta ez da posible beste pertsona batzuk ahalduntzea, baina sindikatuek prozesu hori gertatzeko baldintzak sor ditzakete. Orobat azpimarratu da sindikatuen eta mugimendu feministen arteko atzeraelikadura eraikitzen jarraitu beharreko balioa dela”, azaldu dute ikertzaileek. Laburbilduz, sindikatuei gomendatu diete sendotu dezatela emakumeen lidergoa beren erakundeetan. “Horrek berekin dakar lidergoaren eta aktibismoaren eredu hegemonikoak gainditzea, boterea ulertzeko eta sindikalismoa egiteko eta antolatzeko beste modu batzuetara irekitzea.