Ikasturte honetan, aurrekoetan bezala, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleak administrazio zuzenbideko oinarrizko kontzeptuak ikasten ari dira kultura eta zehazki literatura, zinema eta artelanak ulertuz eta interpretatuz. CUARDA-II (Kultura, Artea eta Administrazio Zuzenbidea) hezkuntza berrikuntzako proiektuaren exekuzioa da, zeinaren barnean ikasleek eskola bat jaso baitzuten berriki Nafarroako Museoan erakusgai dauden bederatzi piezaren bidez. Aurten, EAZ-Zuzenbidea titulazio bikoitzaren hirugarren ikasmailako ikasleek astelehenean egin zuten bisita, eta, hortaz, instalazioa bakarrik Unibertsitateko ikasleentzat ireki zen.
Bisitan parte hartu duten ikasleak José F. Alenza katedradunarekin eta Marta Arriola eta Olaia Nagore Nafarroako Museoko teknikariekin.
Museoarekin berarekin prestatu zen saio hori José F. Alenza García katedradunak eman zuen, bera baita ekimenaren arduraduna Aritz Romero irakaslearekin batera. Horrez gain, proiektu honetan inplikatuta dago Mercedes Jover Nafarroako Museoko zuzendaria ere, eta Marta Arriola eta Olaia Nagore teknikariek sortuak dira ibilbide juridikoa eta bisita gidatua. F. Alenzaren arabera, proiektuari esker “Ikasleen pentsamendu kritikoa hobetu eta gure gizartean funtsezkoak diren balio eta printzipioak aurkituko dira. Zuzenbidearekiko pasioa transmititu nahi zaie, bere balioak senti ditzaten, hala nola justizia, berdintasuna, ekitatea, solidaritatea, aniztasuna edo jasangarritasuna”, esan du.
Administrazio Zuzenbideko eskola Nafarroako Museoan
Horrela, Museoko langileekin batera ibilbidean zehar, ikasleek Burdin Aroko jarduera ekonomikoen erregulazioa edo Antzinako Erromako zerbitzu publikoak (ur-hornidura, termak), azpiegiturak (errepideak, hilerriak) eta agintariak ikusi zituzten. Horma-irudi gotikoak ere ikusi zituzten ikasleek eta geldialdia egin zuten Goyak pintatutako San Adriango markesaren erretratuaren aurrean, zeinak “administrazio zuzenbide garaikide baten sorrera” erakusten baitu, esan du katedradunak.
Bestalde, paisaia pinturak aitzakia izan ziren nabarmentzeko nola zuzenbideak babes berezia ematen ahal dien naturaguneei eta bioaniztasunari eta nola arduratzen den hiri-garapenaz. Beste lan batzuek, hala nola Francis Bartolozziren “Contaminación”, ingurumen zuzenbidearen beste sektorea erakusten dute, hots, airearen, uraren eta lurzoruen kutsaduraren kontrolarena. Amaitzeko, Elena Assinsek prozedura matematikoz eta algoritmoz egin zuen “Canons 22” obrak “aukera ematen du Administrazio Zuzenbideak duen erronka bat mahai gainean jartzeko: zer egin dezakeen Administrazio Publikoak adimen artifizialaren erabileraren aurrean herritarren bermeei eusteko”, ondorioztatu du José F. Alenzak.