Iruñeko Bisitazioko Amen komentu zaharreko Ansoleaga aretoan (San Frantzisko kalea, 5) eginen da azaroaren 14an, osteguna, "Tesiak hiru minutuan" lehiaketaren finala. Teknologiarekin eta zientziekin (esperimentalak, sozialak eta giza zientziak) lotutako ikerketei buruzko dibulgazio lehiaketa da, eta hamargarren edizioa du. Campus Iberuseko lau unibertsitateetan prestakuntzaldian dauden edo doktore titulua eskuratu berri duten hamahiru ikertzailek hartuko dute parte: bi Nafarroako Unibertsitate Publikokoak dira (NUP), sei Zaragozako Unibertsitatekoak, bi Lleidako Unibertsitatekoak eta hiru Errioxako Unibertsitatekoak. Ekitaldia 17:00etan hasiko da, eta edonork du parte hartzeko aukera. NUPek eta Nazioarteko Bikaintasuneko Campusak antolatu dute.
NUPeko parte-hartzaileak Logroñon egindako lehiaketaren finalaurrekoan. Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Miguel Ángel González Moreno, Josu Irisarri Erviti eta Julio César Moreno Alfonso. Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Carlos Lezáun Capdevilla, Miriam Echaide Goñi, Ana Gabriela Onoiu eta Isabel San Martín Erice.
Hamahiru finalistek 180 minutuan azaldu behar dute beren tesia entzule ez-espezializatuek ulertzeko moduan. Ez dute erronka makala ikertzaileek: zenbait urtetako ikerketaren emaitzak hiru minutuan laburtu behar dituzte, eta edonork ulertzeko moduan kontatu. Irabazleak 1.000 €-ko saria jasoko du. Orobat bi accesit emanen dira, bakoitza 600 eurokoa.
Lehiaketako finalistak
Hamahiru finalistetatik bik NUP ordezkatzen dute. Julio César Moreno Alfonso eta Isabel San Martín Erice dira. Beste sei Zaragozako Unibertsitatekoak dira: Julia Guerrero Viu, Jorge Guío Martínez, Soraya Hernández Hatibi, Juan Carlos Morales Solís, Tamara Pardo Yanguas eta Carmen Rodrigo Carbó. Honako hauek ordezkatzen dute Errioxako Unibertsitatea: Rocío del Campo Pedrosa, Sandra A. Martínez Álvarez eta Mario Sergio Pino Hurtado. Lleidako Unibertsitatea, berriz, honako hauek: Esther Rodrigo Claverol eta Marta Salvador Almela.
Epaimahai batek ebaluatuko ditu finalistak, eta honako hauek osatuko dute epaimahaia: José Antonio Mayoral Murillo Zaragozako Unibertsitateko errektorea izanen da epaimahaiburua eta Campus Iberuseko lehendakariordea. Epaimahaikideak izanen dira, berriz, Aránzazu Jurío Munárriz NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea, Mónica Ruiz de la Cuesta Belzunce Iruñeko San Juan de Dios Ospitaleko Komunikazio arduraduna, Blanca Bauluz Lázaro Zaragozako Unibertsitateko Kristalografiako eta Mineralogiako katedradun eta unibertsitate horretako RISArchers taldeko bakarrizketaria eta José Antonio Caballero López Errioxako Unibertsitateko Greziar Filologiako katedraduna. Javier Izu Otermin kazetari eta RTVEren Nafarroako lurralde-zentroko zuzendariak aurkeztuko du finala.
NUPen ekimen aitzindaria
Lehiaketa hau Campus Iberuseko (Errioxako, Lleidako eta Zaragozako unibertsitateetako eta NUPeko) ikertzaileek parte hartzen duten hamargarrena da, eta NUPek antolatzen duen hirugarrena; izan ere, 2012an NUP hasi zen lehiaketa antolatzen, eta, gero, Nazioarteko Bikaintasuneko Campus osora zabaldu zen. Urrian, finalaurrekoak izan ziren Errioxako eta Lleidako unibertsitateetan. Hogeita zazpi ikertzailek hartu zuten parte haietan, eta hamahiru finalista hautatu zituzten datorren astean Iruñean lehiatu daitezen.
Ikertzaileen komunikatzeko gaitasuna baloratzen da batez ere lehiaketan, hau da, nola transmititzen dizkioten labur-labur kontzeptu espezializatuak publiko orokorrari eta zer-nolako trebetasuna duten ikerketako emaitzekin entzuleen gogoa berotzeko.
Campus Iberusen Tesiak 3 minutuan lehiaketaren hamargarren edizioa dela-eta, ARTesiak proiektuaren finalean aurkeztuko da: tesiak umorearen eta arte grafikoen bidez deszifratzen, zientziaren eta artearen mundua uztartzeko eta lehiaketara aurkeztutako doktoretza-tesi nabarmenenen komikien formatuko ilustrazioak sortzeko. Ekimenak Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntza du.
Nazioarteko Bikaintasuneko Campusa
Campus Iberus Zaragozako (Unizar), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP), Errioxako (UR) eta Lleidako (UdL) unibertsitateek 2010ean abian jarritako agregazio estrategikoko proiektua da, Hezkuntza Ministerioak Espainiako unibertsitatearen kalitatea hobetzeko onetsitako 2015eko Unibertsitate Estrategiaren Nazioarteko Bikaintasuneko Campus Programaren esparruan.
Campus Iberusen estrategia agregazio, espezializazio eta nazioartekotze printzipioen gainean eraikitzen da, eta arreta berezia jartzen du arlo hauetan: nekazaritzako elikagaiak eta nutrizioa, energia, ingurumena eta iraunkortasuna, gizarte- eta lurralde-garapena, osasunerako teknologiak eta ekonomia zirkularra eta bioekonomia, Campusarekin lotutako lau eskualdeetako espezializazio adimenduneko estrategien lehentasun tematiko gisa islatuta.
Baliabide partekatuen erabileran bikaintasuna, lankidetza eta efizientzia bultzatuko duten ezagutza-ekosistemak sortzeko helburuarekin, Campus Iberusek ekintza bateratuak sustatzen ditu bere lau unibertsitateen artean, goi-mailako hezkuntzaren eta prestakuntzaren, ikerketaren eta berrikuntzaren, ikasleen eta nazioartekotzearen arloetan, eta lurraldean eragina izan nahi du, bai eta nazioarteko dimentsioa ere.