Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) haurtzaroko arazoetan zentratutako bi jardunaldi antolatu ditu datorren asterako. Zientzia Juridikoen Fakultateak Azterlanei buruzko XXII. Jardunaldia eginen du azaroaren 13an, asteazkena, eta “Eskola-jazarpena: ikastetxeetako elefantea gelan” izanen du izenburua. Bestalde, Herritarrei, Bizikidetzari eta Pluralismoari buruzko UNESCO Katedrak eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak “Haur Migratzaile eta/edo Arrazializatuak: Kulturen artean Hazten” izeneko jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 13an eta 14an. Sarrera librea da bi ekitaldietarako, eta izena eman behar da aldez aurretik.
Natividad Goñi Urriza irakasleak antolatu ditu Zientzia Juridikoen Fakultatearen jardunaldiak, eta haien xedea da eskola-jazarpenari buruzko topagune eta eztabaidagunea izatea; bereziki, kontzeptu horren mugaketari buruz jardunen dute, kasu larriak eta arinak bereizteko, gai horri buruzko epai judizial gutxi baitaude. Hiru mahai-ingurutan, esku hartuko duten dozena bat espezialistek aztertuko dute ea esparru juridikoa eta prebentzio- eta arreta-protokoloak eraginkorrak izaten ari diren egoera horiek saihesteko eta biktimak behar bezala babesteko.
Jarduera hori “Diskriminazioaren interdikzioa desgaitasuna dutenei nazioarteko eta eskualdeen arteko egoeretan gaitasun juridikoa erabiltzean” izeneko ikerketa-proiektuaren barruan dago, eta Iruñeko Bisitazioko Amen komentu zaharrean eginen da (Iruñeko San Frantzisko kalea, 5). Interesa dutenek “online” eman behar dute izena. Jardunaldien programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Haur migratzaile eta/edo arrazializatuak
Bestalde, erakunde akademikoko Herritarrei, Bizikidetzari eta Pluralismoari buruzko Unesco Katedrak eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak hainbat gai jorratuko dituzte bi egunetan, hala nola haurren eskubideak, hezkuntza ekitatiboa, inklusiboa eta kulturartekoa, kultura dibertsitatea eta hazkuntza, harrerako eta bizikidetzako praktika onak, familia babesik gabeko haur eta gazteentzako arreta integrala, identitatea eta dibertsitatea. Gainera, kulturen arteko esperientziei buruzko mahai bat eta antzerki emanaldi bat eginen dira, ondoren Black Power, neska nafar afroondorengoen solasaldiarekin.
Jardunaldiak Nafarroako Medikuen Elkargoan eginen dira (Nafarroa Behereko etorbidea, 47, Iruñea). Topaketaren programa online kontsultatzen ahal da, eta doako izen-ematea online inprimaki baten bidez egiten ahal da.