Atzo, asteazkena, azaroak 6, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) sentsoreen teknologiaren arloko azken garapenei buruzko jardunaldi bat egin zuen, eta erakunde akademikoko hiru ikertzailek (Leyre Catalán Ros, Rebeca Beatriz Dávila Galiana eta Nora Millor Muruzábal) teknologia horrek zenbait arlotan dituen aplikazioei buruz egindako azterlanak aurkeztu zituzten, hala nola aurkako inguruneetan energia sortzea eta diagnostiko medikoak optimizatzea. NUPek eta IEEE Women in Sensors Committe ekimenak antolatu zuten jarduera. Aipatu ekimena EEE Sensors Council erakundearena da, zeina Ingeniari Elektriko eta Elektronikoen Institutukoa baita (IEEE, siglak ingelesez). Batzorde horren helburua da sentsoreen teknologiaren arloan emakumeen parte-hartzea sustatzea eta babestea. Gailu horiek inguruneko aldaketa fisikoak edo kimikoak detektatzen dituzte, eta informazio hori seinale elektriko edo digital bihurtzen dute aztertzeko edo kontrolatzeko.
Ezkerretik eskuinera: Carlos Ruiz Zamarreño, Silvia Díaz Lucas, Leyre Catalán Ros, Nora Millor Muruzábal eta Rebeca Beatriz Dávila Galiana, NUPeko Haginak eraikinean.
Zehazki, Leyre Catalán Ros Ingeniaritza Saileko irakasle eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak NUPek Antartikara egin zuen lehenbiziko espedizioaren esperientzia kontatu zuen. Han sorgailu termoelektrikoak instalatu ziren, bero bolkanikoa elektrizitate bihurtzen dutenak. Sistema horrek aukera ematen du monitorizazio sentsoreak eta gauzen Interneteko teknologietan oinarritutako datuak transmititzeko sistemak elikatzeko (IoT, ingelesezko sigletan).
Mugimenduaren analisia osasunerako
Bestalde, Nora Millor Muruzábal Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle eta INAMAT2 Institutuko ikertzaileak mugimendua aztertzeko sentsore inertzialen erabilera aurkeztu zuen. Sentsore horiek fisioterapian, neuroerrehabilitazioan, geriatrian eta enpresen prebentzio zerbitzuetan aplikatzen dira. Millorrek azaldu zuen sentsore horiei esker mugikortasunaren, orekaren eta mugimendu funtzionalaren jarraipen zehatza egiten dela, eta pazienteen arreta pertsonalizaturako datu baliotsuak ematen dituztela. Horrez gain, sentsoreetan aplikatutako adimen artifizialeko aurrerapenetan sakondu zuen, osasunaren eta kirolaren arloko diagnostiko prediktiboak eta egokitzaileak eman baititzakete.
Azkenik, Rebeca Beatriz Dávila Galiana doktoretzako ikasleak inprimaketa elektrohidrodinamikoaren abantailak azaldu zituen, tamaina nanometrikoko sentsore optiko aurreratuak fabrikatzeko teknika bat, adibidez arnasketa detektatzeko eta tenperatura neurtzeko.
ISC Institutuko bi ikertzaile hauek ireki eta itxi zuten jardunaldia: Silvia Díaz Lucas irakaslea, IEEE Sensors-eko Espainiako kapituluko diruzain eta IEEE Women in Sensors Committee-ko kidea; eta Carlos Ruiz Zamarreño katedraduna, IEEE Sensors Council & Systems Council-en Espainiako Kapitulu Bateratuko burua.