Joan eduki nagusira

Murtziako Unibertsitatean egin da Unibertsitateen G-9 Taldeko idazkaritza nagusien batzorde sektorialaren bilera. Taldea osatzen duten Espainiako unibertsitate publikoetako idazkaritza nagusietako ordezkariak eta aholkularitza juridikoetako arduradunak bildu ditu, modu presentzialean nahiz telematikoan.

zoom Murtzian egin den G-9 Taldeko idazkaritza nagusien batzorde sektorialeko parte-hartzaileak.

Murtzian egin den G-9 Taldeko idazkaritza nagusien batzorde sektorialeko parte-hartzaileak.

Bilera Murtziako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean egin da aste honetan, eta unibertsitate sistema publikoak gaur egun dituen arazoei buruz gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko gunea izan da, aipamen berezia eginez unibertsitateen estatutuen erreformari, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoak (LOSU) eskatzen duenez.

Pedro Fernández Extremadurako Unibertsitateko errektore eta batzordearen buruak azpimarratu duenez “topaketa honek unibertsitate publikoek unibertsitate sistemaren barruan arazo komunei irtenbideak planteatzeko asmoz elkarrekin lan egiteko duten konpromisoa islatzen du, lankidetza sustatuz eta Goi Mailako Hezkuntza publikoak ikasle guztientzat kalitate handikoa izaten jarraituko duela ziurtatuz”.

Bi egunez, G-9 Taldeko unibertsitateetako idazkaritza nagusiek aztergai izan dituzte, beste gai batzuen artean, unibertsitateko estatutuak eguneratzea eta María Zambrano eta Margarita Salas laguntzei buruzko finantza-konpromisoak, bai eta LOSUk irakasle eta ikertzaileen kontratazioan eta arauketan dituen ondorioak ere.

Batzordeko kideek egiaztatu dute premiazkoa dela irtenbideak aurkitzea María Zambrano eta Margarita Salas beken kuota patronalaren ondoriozko karga ekonomikoetarako. Gai horrek zuzenean eragiten dio unibertsitateen finantza-jasangarritasunari, eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren (CRUE) bidez eztabaidatzen ari dira estatu mailan.

Francisco Antonio González Murtziako Unibertsitateko idazkari nagusi eta bileraren anfitrioiak nabarmendu duenez, “oso garrantzitsua da unibertsitate publikoen artean horrelako jardunaldiak egitea etorkizuneko erronka batzuei batera aurre egiteko”.

LOSUk arlo juridikoan eta lan arloan dituen ondorioak

Batzorde sektorialean gonbidatu gisa parte hartu du Antonio Sempere Auzitegi Goreneko Laugarren Salako presidenteak, LOSUk arlo juridikoan eta lan arloan dituen ondorioak aztertzeko. Semperek aipagai izan ditu unibertsitateek langileen kudeaketan dituzten lege gaiak, eta gogorarazi du beharrezkoa dela Europako araudira egokitzea, gatazka judizialak saihesteko eta unibertsitateko langileen lan baldintzak hobetzeko.

Bigarren egunean, bileran aztergai izan dituzte Bekadunaren Estatutuarekin eta ikasleen praktikekin lotutako gaiak. Bertaratutakoek aukera izan dute, halaber, ikasleen lan arloko integrazioa hobetzeko esperientziak eta proposamenak trukatzeko, Alicia Rubio Murtziako Unibertsitateko Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko errektoreordearen hitzaldiarekin.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea ere, azken biak entitate laguntzaile gisa.