Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) I-COMMUNITAS Ikerketa Sozial Aurreratuko Institutuak, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzarekin eta Soziologiako eta Gizarte Laneko Sailarekin batera, jardunaldi bat antolatu du azaroaren 8an, ostirala, gai honen gainean: ETAk eta haren inguruak mehatxatutako kargudun politikoek jasandako jazarpen-indarkeria, bereziki “Oldartzen” ponentziaren ondoren, bai eta haren ondorioak ere. Saioak 09:00etatik 13:15era eta 16:00etatik 18:30era eginen dira NUPek Bisitazioko Amen komentu zaharrean duen egoitzan (sarrera San Frantzisko kaleko 5 zenbakitik), eta saioetan parte hartzeko, izena emateko inprimakia bete behar da. Jardunaldien antolatzaileek azaldu dutenez, saioetan bi alderditatik erreparatuko zaio gertatutakoari: bata akademikoagoa eta indarkeria hori nola aztertu den azaltzera bideratua, eta bestea, biktima batzuen bizipenak entzutera bideratua.

Marta Rodríguez Fouz NUPeko irakasle eta I-COMMUNITAS institutuko ikertzaileak koordinatu ditu saioak, eta hiru mahai-inguru eta lau hitzaldiren inguruan antolatu dira. Hasierako ponentziaren izenburua “Gazteria eta jazarpen-indarkeria” da, eta Sara Hidalgo García Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidearen Saileko Historia irakasleak emanen du. Jarraian, lehen mahai-ingurua eginen da “Kontatutako esperientziak” izenburupean, eta honako hauek hartuko dute parte: Eneko Andueza Lorenzo PSE-EE alderdiko idazkari nagusia eta Rafaela Romero Pozo PSOEk Gorte Nagusietan duen diputatua Gipuzkoatik. Coral Rodríguez Fouz PSE-EE alderdiko senatari ohi eta euskal legebiltzarkide ohia izanen da moderatzailea.

zoom NUPen Arrosadiko campusa.

NUPen Arrosadiko campusa.

Atsedenaldiaren ondoren, “Jazarpen-indarkeria pairatu zuten zinegotziek jasandako bidegabekeriari buruzko txostena (1991-2011)” aurkeztuko du José Ramón Intxaurbe Vitorica Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Institutuko ikertzaile eta Deustuko Unibertsitateko zuzenbideko irakasleak. Ondoren, bizkartzainekin izandako bizipenei eta Nafarroako jazarpenaren bizipenei buruzko esperientziak kontatuko dira. Sergio García Magariño I-COMMUNITAS institutuko ikertzailea izanen da mahai-inguru horretako moderatzailea, eta honako hauek hartuko dute parte: Juan Frommknecht Lizarraga abokatu eta  Etxarri-Aranazko zinegotzia, Maite Esporrín Lasheras Nafarroako parlamentaria eta Javier Remírez Apesteguía Nafarroako senataria. 

Mahai-inguruaren ondoren, Lohitzune Zuloaga Lojo I-COMMUNITAS institutuko ikertzaileak “Erronka metodologikoak jazarpen-indarkeriaren azterketan” ponentzia emanen du. Jarraian, Marta Rodríguez Fouzek “Jazarpen-indarkeria, aztergai. Estrategiak, orientabideak eta zailtasunak ETAren kasua erreferentzia gisa hartuta” ponentzia emanen du. Azken mahaian biktimen senitartekoek hartuko dute parte: Naiara Zamarreño, Manuel Zamarreñoren alaba, ETAk eraila 1998ko ekainaren 25ean; Marta Buesa, Fernando Buesaren alaba, ETAk eraila 2000ko otsailaren 22an; eta Sandra Carrasco, Isaías Carrascoren alaba, ETAk eraila 2008ko martxoaren 7an. Lohitzune Zuloaga izanen da azken mahaiaren moderatzailea.