Joan eduki nagusira

Félix Vidal Díaz (Concepción, Txile, 1984) jarduera fisikoan espezialistak aztergai izan ditu zenbat osasun-adierazle, laurogei urteko edo gehiagoko pertsona ez hauskorrek ahalegin handienera iritsi gabe ariketa fisikoa egitean dituztenak. Orobat aztertu du entrenamendu espezifiko aerobiko periodizatuko programa baten aplikazioa, hau da, modu jarraituan egindako zeinahi ariketa, zeinaren intentsitatea aldatzen baita entrenamendu-programa horretan aurrera egiten den neurrian. Bere kasuan, bizikleta estatikoa erabili du, eta, intentsitate-adierazle gisa, txikia izatetik ertain eta handia izatera pasa zen intentsitate erlatiboko bihotz-maiztasuna erabili du ikusteko nola egiten dien mesede bihotz, birika eta giharrei. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza-tesiaren  emaitzen arabera, ariketa egiteko programa espezifiko horiek adineko pertsonen osasun kardiobaskularra eta bizi-kalitatea hobetzen ahal dute, eta hala zahartze osasungarriari laguntzen diote.

zoom Félix Vidal Díaz parametro batzuk aztertzen bihotz-biriketako proba batean.

Félix Vidal Díaz parametro batzuk aztertzen bihotz-biriketako proba batean.

“Ariketa fisikoa sendagaitzat hartzen denean —esan du Félix Vidalek—, hainbat onurarekin dago lotuta, eta litekeena da bihotz-biriketako fitnessa izatea onura horietan garrantzitsuena”. Kontzeptu horrek erakusten du gorputzaren gaitasuna jarduera fisikoak jarraituak egiteko eta lotura estua du eritasunen prebentzioarekin eta bizi-kalitatearen hobekuntzarekin.

Bihotz-biriketako fitnessa ebaluatzeko, bihotz-biriketako ariketa-proba (CPET, ingelezko sigletan) erabiltzen da diagnostikorako tresna gisa. Proba horrek eskaintzen du “sistema kardiobaskularraren, arnasketa-sistemaren eta sistema metabolikoaren erantzun integratua lan-kargaren hazkunde gradualari”. “Test fisiologiko hori erlatiboki ez inbaditzailea eta dinamikoa da, eta aukera ematen du atsedenean emandako erantzunak ebaluatzeko ahaleginean, hala maximoan nola maila horretara iritsi gabe, eta leheneratzean. Beraz, erabaki klinikoak hartzeko informazio garrantzitsua ematen du”, adierazi du tesiaren egileak. Mikel Izquierdo Redin NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko katedradunak eta Cristian Cofré Bolados Txileko Santiagoko Unibertsitateko Zientzia Medikoen Fakultateko irakasleak zuzendu dute tesia.

Zahartzeak fitness kardiobaskularra murrizten du

Ikertzaileak adierazi duenez bihotz-biriketako fitnessa murriztu egiten da zahartzean eta “zenbait faktorek mugatzen ahal dute, baita bihotzeko eta biriketako funtzioak, metabolismoak eta gihar masak ere”. “Bihotz-biriketako fitness altua funtsezkoa izaten ahal da helduaro osasuntsu baterako; izan ere, gorputzeko oxigenoaren gehieneko kontsumoa iragarle indartsu eta independentea da osasun-emaitzak aurreikusteko, hala nola heriotza-tasa kardiobaskularrarekin eta morbilitatearekin lotutakoak, edo hari eragiten dioten gaixotasunen edo baldintza kronikoen presentziarekin lotutakoak”, azaldu du.

Félix Vidalen tesia zentratu da laurogeitaka urteko pertsona ez hauskorren gaitasun funtzional aerobikoaren ebaluazioan bihotz-biriketako ariketa-probaren bidez. Horretarako, bi azterlan egin zituen: bata, deskriptiboa, parametro fisiologiko jakin batzuk neurtu zituena, ariketaren intentsitatea pertsonak lor dezakeen esfortzu handienaren azpitik zegoen bitartean; eta, bestea, intentsitate handiko entrenamendu aerobikoko programa bat ebaluatu zuena, parametro horiek lehen ariketa motarekin alderatuta nola hobetzen diren ikusteko. Bere ondorioen arabera, “ez da beharrezkoa gaitasun aerobiko maximora iristea erreferentzia kardiobaskularreko, biriketako eta giharretako balioak lortzeko”.

Félix Vidalen ikerketa izan da lehena zehatz-mehatz neurtzen eta aztertzen ariketa egin bitarteko zenbait osasun-adierazle 80 urte edo gehiagoko pertsonengan, beren ahalegin handienera iritsi gabe. Orobat ikerketa hori izan da lehena entrenamendu-programa espezifiko bat aplikatzen, ikusteko nola hobetzen diren parametro azpimaximo horiek. Ikerketa horrek datu berriak eskaintzen ditu, ariketa-programa egokiagoak diseinatzen laguntzen ahal dutenak, adineko pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea sustatzeko.

Curriculum laburra

Félix Vidalek Txilen lortu zuen Gorputz Hezkuntzako irakasle titulua, eta gero Jarduera Fisikoaren Biologiako Masterra egin zuen Jyväskyläko (Finlandia) Unibertsitatean eta Osasun Zientzietako doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Bere lan-ibilbidean, irakaslea izan da Txileko zenbait unibertsitatetan (Santiago de Chile, Santo Tomás eta Andrés Bello), eta ariketa fisikoaren fisiologiari, ikerketaren metodologiari, estatistikari eta ikerketa-prozesuei buruzko irakasgaiak eman ditu. Egun, metodologiako espezialista gisa lan egiten du bere jaioterriko Kirol Institutu Nazionalean Promesas Chile programaren barruan. Programa horren helburua da beren kirol ibilbidearen hasieran dauden 9 urtetik 24 urtera bitarteko kirolari gazteen ahala bultzatzea errendimendu handia izatera bideratzeko.