Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) entitate nabarmenetako bat izan da Irache Fundazioaren Reinspira aitorpenetan. Ekitaldi instituzionala atzo, asteazkena, urriak 30 egin zen Baluarten. Aitorpenen xedea da Fundazioak bultzatu eta Tanatorios Irache taldeko enpresek erakunde publiko eta pribatuekin garatzen dituzten proiektuak nabarmentzea. Erakunde horien artean zeuden Nafarroako Osasun Publikoaren Institutua, NUP, Nafarroako Unibertsitatea, Iruñeko Udala eta San Juan de Dios ospitalea, eta saritu egin zituzten. Zehazki, gorputzak zientziari emateko programagatik aitortu zuten NUP, eta Almudena Sánchez Villegas Osasun Zientzien Fakultateko dekanoak ordezkatu zuen erakundea.
Aurten, Irache Fundazioak kudeaketa emozionala lantzeko eta ongizate pertsonala eta pertsonen arteko harremanak hobetzen laguntzeko abian jarritako Reinspira kanpainaren barruan daude aitorpenak.
Mario Alonso Puig mediku eta ikertzailea izan zen ekitaldian, eta “Ospa dezagun bizitza!” izenburuko hitzaldia eman zuen. Ondoren, honako hauek jaso zituzten sariak: Jesús Castilla, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuaren aldetik; Borja Izaguirre Iruñeko Udaleko zinegotzia; Marta Ferrer Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko dekanoa; Almudena Sánchez NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa; eta Patricia Segura San Juan de Dios Ospitaleko kudeatzailea. Horiek guztiek lan bakoitzaren atzean dauden profesionalen balioa nabarmendu zuten, baita zientziarako gorputzak emateko eskuzabaltasuna ere.