Ignacio Sancho González zirujau ortopedikoak (Tutera, 1981) artikulazio-protesien infekzioa (API) aztertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. Artikulazio-protesien infekzioa konplikazio larrienetako bat da artikulazioetan (belaunean edo aldakan, adibidez) inplanteen kirurgiak egiten dituzten pazienteentzat. “Intzidentzia txikia” izan arren, “osasun arazo larria” da, eta hilgarria ere izan daiteke. Patologia konplexu horrek, “protesi ortopedikoen gainazalean mikroorganismoak antolatzeko moduagatik”, “diagnostiko azkar eta zehatza” behar du. Horretarako, diziplina anitzeko taldeetan lan egitea defendatzen du, diagnostiko aurreratuko teknika horiek aplikatzen dituzten mikrobiologia espezializatuko laborategien laguntzarekin.
Artikulazio-protesien infekzioa erronka kliniko nabarmena da, diagnostikoa eta tratamendua oso konplexuak baitira. “API gorputz arrotzeko infekzioa da ‘biofilm 'baten aurrean — azaldu du Ignacio Sanchok —. Egitura horiek, “biofilmak”, hazteko modu babestu bat dira, aurkako inguruneetan bakterioen biziraupena ahalbidetzen dutenak. ‘Biofilmak 'antibiotikoetatik eta gizabanakoaren immunitatetik babesten ditu bakterioak, mantenugaien eskuragarritasuna areagotzen du eta deshidratatzeko arriskua murrizten du”.
Bakterioak antolatzeko modu horrek zaildu egiten du diagnostiko zehatza eta goiztiarra egitea, eta hori funtsezkoa da inplantea babesteko tratamendu estrategiak aplikatzeko, hala nola desbridamendua (garbiketa kirurgikoa), antibiotikoak eta inplantearen atxikipena (DAIR, ingelesezko sigletan). Gainera, infekzio kronikoetan, diagnostiko mikrobiologikoa are konplexuagoa da. Izan ere, artikulazio-protesien infekzioen % 20-50ek kultibo negatiboak izan ditzaketela kalkulatzen da.
“APIren proba diagnostikorik ez dagoenez, eta infekzio hori eragin duten mikroorganismoak kultiboaren bidez identifikatzeko zailtasunak daudenez, diagnostikoa, askotan, hainbat irizpidetan oinarritzen da — dio tesiaren egileak —. Balio horietako asko prozesu infekziosoak pazientearengan modu erreaktiboan aldatzen dituen parametroak dira: adierazpen klinikoak, aldaketa erradiologikoak, aurkikuntza histologikoak edo biomarkatzaile jakin batzuen goratzea”.
Diagnostiko aurreratuko teknologiak
Ikerketaren egileak tresna molekular berriak ebaluatu ditu infekzio hori diagnostikatzeko, eta NGSren potentziala nabarmentzen du (“Next Generation Sequencing” ingelesezko sigletan). DNA sekuentziatzeko teknologia aurreratu bat da, mikroorganismo ugari detektatzeko aukera ematen duena, baita kultibo-metodo konbentzionalekin beti identifikatzen ez direnak ere.
“Diagnostiko molekularreko teknikak kultibo tradizionalen osagarri baliotsuak dira, batez ere diagnostikatzen zailak diren kasuetan, hala nola hazkunde moteleko mikroorganismoak, birulentzia maila txikia dutenak eta tratamendu antibiotikoa duten pazienteetan”, adierazi du tesiaren egileak. Honako hauek zuzendu dute tesia: Ángel Hidalgo Ovejero Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kirurgia Ortopediko eta Traumatologia Zerbitzuko burua izandakoa, eta, gaur egun, NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasle elkartua; eta María Eugenia Portillo Bordonabe Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Klinikoko espezialista.
Sanchok MALDI-TOFen erabilera ere aztertu du (“Matrix-Assisted Laser Desorption/Ionization Time-Of Flight” ingelesezko sigletan), patogenoak masa-espektrofotometriaren bidez identifikatzen dituen teknologia. Kasu honetan, kendutako inplante bati ultrasoinuak aplikatzean lortzen den likidoan bakterioak identifikatzeko erabiltzen da. Prozesu horrek gainazalari itsatsitako mikroorganismoak aireratzen ditu, eta sonikazioa esaten zaio. Ikertzailearen arabera, “metodo azkarra eta zehatza da, artikulazio-protesien infekzioa diagnostikatzeko kultibo-metodoekin batera erabil daitekeena”.
Ezarritako protesi kopuruaren hazkundea
Artikulazio-protesien infekzioak intzidentzia erlatiboki txikia du ( % 1 eta 3 artean lehen mailako inplanteetan eta % 8 eta % 10 artean berrikuspen-kirurgietan). Hala ere, “termino absolutuetan, infekzio mota hori urtez urte handitzen da, ezarritako protesi kopuruarekin batera”, aldakan, belaunean, sorbaldan, orkatilan, ukondoan, eskumuturrean edo eskuetako artikulazio txikietan egiten den kirurgia bat. “Populazio gero eta aktiboago eta bizitza luzeagoko batekin, urtero hazten da ezartzen diren artroplastien kopurua. Iragarpen-azterlan ugarik aurreikusten dute prozedura horiek esponentzialki handituko direla datozen urteetan”, adierazi du ikertzaileak.
Infekzio hori “osasun arazo oso larria da, eta hilgarria izan daiteke”, adierazi du Sanchok, eta hau gaineratu du: “Gainditzen bada ere, funtzionaltasun arazoak eta ondorio larriak ekar ditzake”. “Sailkatzeko, definitzeko eta diagnostikatzeko zailtasunak izan arren, itxaropenerako bidea irekitzen du gaur egun eta estrategia egokiarekin hura sendatzeko gai garela jakiteak. Oro har, infekzio hori sendatzeko, kirurgia eta antibiotiko zuzenduak konbinatu behar dira ”, esan du zirujauak, eta gogorarazi du tratamenduak ez duela soilik infekzioa garaitu behar, baizik eta infekzio prozesu horrekin operatutako artikulazio konplikatuari funtzioa itzuli behar diola.
Curriculum laburra
Ignacio Sancho Medikuntzan lizentziatu zen Zaragozako Unibertsitatean (2008), eta, ondoren, Barneko Mediku Egoiliarraren (BAME) espezialitatea egin zuen Nafarroako Ospitaleguneko Kirurgia Ortopedikoko eta Traumatologiako Zerbitzuan (2009-2014). 2013an, ortopedia onkologikoko prestakuntza-egonaldi bat egin zuen Rodolfo Capanna eta Domenico Campanacci doktoreekin, Careggi Unibertsitate Ospitalean (Florentzia, Italia), eta, ondoren, espezialista gisa, Lluis Puig Verdié doktorearekin, Bartzelonako Itsasoko Ospitalean, protesien kirurgiako patologia septikoaren maneiua hobetzeko (2016).
Gaur egun, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kirurgia Ortopediko eta Traumatologia Zerbitzuko fakultatibo espezialista lanetan dihardu, Aldaka eta Tumoreen Atalari atxikita. Bere ohiko jarduera aldakako kirurgia berreraikitzailean (artroplastia primarioa eta berrikuspena) eta ortopedia onkologikoaren kasuetan oinarritzen da. Ubarmin klinika bere ohiko lantokia da, baina Tuterako Sofia Erregina Ospitalean ere garatzen du bere asistentzia-jardueraren zati bat, egoitza amaitu zuenetik beti egon baita hari lotuta.
Ignacio Sanchok hamabi argitalpen egin ditu aldizkari zientifikoetan, hamar bat liburu-kapitulu eta berrogeita hamar lan baino gehiago aurkeztu ditu Espainiako eta nazioarteko kongresuetan, gehienak protesi ortopedikoen infekzioa aztertzeko.
Kirurgia Ortopedikoko eta Traumatologiako Espainiako Elkartean (SECOT) afiliatuta dago, eta Inplanteei Lotutako Infekzioen Europako Ikerketa Taldeko kide da (ESGIAI, ingelesezko sigletan). Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Sarkoma Batzordeko kide ere bada, eta, ikertzaile laguntzaile gisa, Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko (IdiSNA) Mikrobiologia Klinikoko taldeko kidea.
Era berean, protesien infekzioaren diagnostiko molekularrari buruzko proiektu bateko ikertzaile lankidea da, Nafarroako Gobernuak finantzatua (DIPAN proiektua), eta 2025ean Istanbulen (Turkia) eginen den Protesien Infekzioari buruzko Nazioarteko Hirugarren Adostasunean ordezkari gisa parte hartuko du.