Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritzako Elikagaien Katearen Berrikuntzarako eta Jasangarritasunerako Ikerketa Institutuak (ISFOOD) azken urteetako ikerketa-emaitzak aurkeztu ditu. Emaitzek erakusten dute ekoizpen zientifikoak eta ikerketa-jarduerak goranzko joera dutela. Hala, 2018tik 2022ra bitartean, institutuko ikertzaileek 384 artikulu zientifiko argitaratu zituzten, eta horietatik % 81 beren arloetako lehen kuartilean kokatutako aldizkarietan argitaratu zen (hau da, ospetsuenen % 25ean) eta % 40 baino gehiago lehen dezilekoetan (goren mailako % 10 garrantziari eta inpaktuari dagokienez).
Lan horiek batez beste 14,4 aipamen jaso zituzten argitalpen bakoitzeko. Parametro horren arabera, % 19,8 mundu mailan gehien aipatutako % 10en artean dago, eta % 1,3 aipatuenen % 1eko “top”ean dago. “Balio horiek mundu mailako eta estatuko batezbestekoaren gainetik jartzen dute institutua adierazle guztietan”, adierazi zuen Idoia Labayen Goñi zuzendariak “ISFOOD Day” II. Jardunaldian, erakunde akademikoko liburutegiak egindako txosten bibliometrikoan oinarrituta.
2023. urteari buruzko datuek goranzko joera berresten dute. Hala, IS-FOOD Institutuko artikulu zientifikoen % 82,2 lehen kuartileko aldizkarietan argitaratu da eta % 50 lehen dezileko aldizkarietan. Horrez gain, soilik joan den urtean, ikertzaileek hogeita bat ikerketa-proiektu lortu dituzte eta hogeita zazpi transferentzia-kontratu egin dituzte. Horrek “ikertzaileek bikaintasun zientifikoarekin duten konpromisoa eta arlo sozioekonomikoarekin duten lankidetza sendotzen du”, esan du Idoia Labayenek.
Elikatze-kateari buruzko institutua
ISFOOD Institutua 2016an sortu zen, eta bertan nekazaritzako ingeniaritzaren, animalia- eta landare-ekoizpenaren eta elikagaien teknologiaren, nutrizioaren eta elikagai-enpresen kudeaketaren arloko ikertzaileak elkarlanean aritzen dira elikagai jasangarri eta osasuntsuen sistemak garatzeko, diziplina anitzeko ikuspegi integraletik. Institutuak elikagaien katearen fase guztietako ikerketa lantzen du, lehengaiak ekoiztetik kontsumora bitartekoak, haien artean industria-eraldaketako prozesuak eta tarteko beste etapa batzuk.
Plantillako 48 ikertzaile, ikertzaile-lanetarako kontratatutako beste hamazazpi lagun, bi ikertzaile bisitari eta doktoretzako hogeita bat ikasle biltzen ditu. Taldea NUPeko bost sailetako kidea da (Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura; Zientziak; Osasun Zientziak; Enpresen Kudeaketa, eta Ingeniaritza), eta eskolak ematen ditu masterreko bederatzi programatan eta doktoretzako bost programatan, bai eta graduko titulazioetan ere.
Nekazaritzako elikagaien arloko ikerketa-ibilbidea
ISFOOD Institutuaren II. Jardunaldiak arloko I+Gko arduradun eta profesionalak bildu zituen, bai eta graduko eta graduondoko ikertzaile eta ikasleak ere, “Ikerketa-ibilbidea nekazaritzako elikagaien arloan” lelopean. Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordeak inauguratu zuen jardunaldia, eta bertan gogoeta egin zen ikerketa-ibilbide profesional bat esparru akademikotik kanpo garatzeko dauden aukerei buruz. Horretarako, honako hauek hartu zuten parte: Alicia López de Ocáriz CINFAko zuzendari medikoa; Blanca Jáuregui Arbizu Viscofaneko I+Gko zuzendaria; Maite Muruzábal Muruzábal AN Taldearen Fundazioko zuzendaria; eta Moisés Zalba Almándoz Tracasa Globaleko operazioen zuzendaria.
Hasierako hitzaldia José María Gil Roig Kataluniako Unibertsitate Politeknikoaren eta Nekazaritzako Elikagaien Ikerketako eta Teknologiako Institutuaren mendeko Nekazaritzako Elikagaien Garapeneko eta Ekonomiako Ikerketa Zentroaren zuzendariak eman zuen. María González de Audícana Amenábar, Juan Maté Caballero eta Maite Martínez Aldaya ISFOOD Institutuko hiru ikertzaile moderatzaile-lanetan aritu ziren, eta jardunaldiaren barruan bazeuden orobat institutuko doktoretzako ikasleen komunikazio hautatuak, eta ikasle horiek ahoz azaldu zituzten beren ikerketa-lanak “ISFOOD Institutuko mintegia” atalean.