Joan eduki nagusira

Europako Biomekanika Elkartearen Espainiako Kapituluaren XIII. Kongresua  ari dira egiten Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Atzo, astelehena, urriak 28, hasi zen Kongresua eta gaur, hilak 29, amaituko da. Espainiako unibertsitateetako hirurogei profesional, ikertzaile eta irakasle bildu dira. Kongresu zientifikoa biomekanikari buruzkoa da. Diziplina horrek biologia eta medikuntza ditu aztergai mekanikaren legeen bidez, diagnostikoak eta tratamendu medikoak hobetzeko eta fisiologia eta zenbait patologiaren garapena ulertzeko.  Italiako eta Frantziako bi ikertzaile, beren alorrean mundu mailako erreferenteak baitira, kongresuan parte hartzen ari dira ponentzia gonbidatuak aurkeztuz.

zoom Kongresuko parte-hartzaileak NUPeko Sario eraikinean.

Kongresuko parte-hartzaileak NUPeko Sario eraikinean.

“Biomekanikak aukera ematen du, besteak beste, gailu mediko eta material berriak garatzeko eta ehun biologikoen eta horiek osatzen dituzten zelulen portaera aztertzeko — azaldu du Mauro Malvè kongresuaren batzorde antolatzaileko kide, Ingeniaritza Saileko irakasle eta NUPeko INAMAT2 Institutuko  ikertzaileak—. Medikuntzan hainbat arlotan aplikatzen da, hala nola teknika kirurgikoen hobekuntza, gaixotasun eta patologien azterketa, protesi eraginkorrago eta erosoagoen diseinua eta mugikortasun zelularraren funtzionamendua”. Gainera, biomekanika “funtsezkoa da errehabilitazio fisikoan, errekuperazioa optimizatzen eta etorkizuneko lesioak prebenitzen dituzten ariketa pertsonalizatuen programak garatzen laguntzen baitu”. Era berean, “kirol medikuntzak aurrera egin dezan laguntzen du, atletei errendimendua hobetzen eta lesioen arriskua murrizten laguntzen baitie”, ikertzaile horren arabera.

zoom Hizlariak kongresuaren inaugurazioan. Ezkerretik eskuinera: Carlos Ruiz Wills (Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea), Francisco Javier Arregui San Martín (NUPeko Ikerketako errektoreordea) eta Mauro Malvè (NUPeko irakaslea).

Hizlariak kongresuaren inaugurazioan. Ezkerretik eskuinera: Carlos Ruiz Wills (Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea), Francisco Javier Arregui San Martín (NUPeko Ikerketako errektoreordea) eta Mauro Malvè (NUPeko irakaslea).

“Laburbilduz, biomekanikak giza gorputzaren funtzionamenduaren ulermena aberasteaz gain, bizi kalitatea eta emaitza medikoak hobetzen dituzten berrikuntzak ere bultzatzen ditu. Azken lau hamarkadetako ordenagailuen etorrerarekin eta, gaur egun, adimen artifizialarekin, biomekanikak izugarrizko potentziala du medikuntza modernoan ”, iragarri du Mauro Malvèk.

Unibertsitatearen osasun arloaren eta enpresen arteko lankidetza

Kongresuaren helburua da biomekanikan espezializatutako Espainiako taldeen lan ildoak aurkeztea, unibertsitatearen, eremu klinikoaren eta enpresa sektorearen arteko lankidetza sustatzea, eta arlo horretako ikerketa zientifikoa ezagutaraztea. Baditu ahozko 45 ponentzia, bederatzi saiotan banatuta, eta nazioarteko adituek emandako osoko bilkurako bi hitzaldi. Horrela, Francesco Migliavacca Milango Politeknikoko katedradunak gailu medikoei buruzko azken ikerketak aztertu zituen atzo, hala nola stent (protesi) kardiobaskularrak eta bihotz-balbulak. Ikerketa-ildo horiek erreferente bihurtu dute mundu osoan, eta Italiako Errepublikako Urrezko Domina eman diote. Bestalde, Abdul Barakat Parisko École Polytechniqueko katedradunak mekanobiologian egin berri diren aurrerapenak aurkeztu ditu gaur.

Europako Biomekanika Elkarteak, Frontiers argitalpen zientifikoen argitaletxeak eta Saza enpresak babesten dute kongresua. Rhinoceros (hiru dimentsiotan modelatzeko softwarea), Renfe tren konpainia, Navarrabiomed (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen ikerketa biomedikoko zentroa), ADItech (Nafarroako I+G+b sistemaren koordinatzailea) eta Iruñeko Udala ari dira elkarlanean.

Europako Biomekanikako Elkartearen Espainiako Kapitulua 2011n sortu zen Europako Biomekanika Elkartearen Espainiako ordezkari gisa, zientzia horretako profesional eta ikertzaileak harremanetan jartzeko, lankidetzan jardun zezaten eta esparru horretan ikerketa zientifikoaren dibulgazioa sustatzeko.