Joan den ostiralean, urriak 25, Idahoko (Estatu Batuak) Euskal Kulturarako Pete T. Cenarrusa Fundazioak izen bereko saria eman zion Iruñean Gregorio Monreal Zia (Etaio, Nafarroa, 1942), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbidearen Historiako katedradun emerituari euskal kulturari egindako nazioarteko ekarpenagatik. Fundazioak euskara eta euskal kultura bultzatzen ditu, eta Pete T. Cenarrusa (1917-2013) omentzen du. Cenarrusa, bizkaitar migranteen semea, Idahoko politikari errepublikano ospetsua eta Boiseko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren sortzailea izan zen. Boise Estatu Batuetako ipar-mendebaldeko estatu horren hiriburua da.
Gregorio Monreal, saria jasotzen Gloria Totoricagüena Pete T. Cenarrusa Fundazioko lehendakariordearen eskutik.
NUPk ere antolatu zuen saria emateko ekitaldia, eta Bisitazioko Amen eraikinean egin zen. Erakunde akademikoko hiru lagunek hartu zuten parte: Roldán Jimeno Aranguren idazkari nagusia; Alicia Chicharro Lázaro Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzako Nazioartekotzearen eta Lankidetzaren arloko zuzendaria; eta Amaia Alvarez Berastegi Zuzenbide Saileko irakaslea; eta Gloria Totoricagüena Egurrola Pete T. Cenarrusa Fundazioko lehendakariordea.
Nekazari-familia batean jaiotako katedraduna
Gregorio Monreal Nafarroako Etaio herrian jaio zen, nekazari-familia batean, Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Zuzenbideko Doktoretza titulua lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Bizkaiko jaurerriari buruzko tesi baten bidez. Bere irakaskuntza-ibilbidea 1967an hasi zuen, eta zenbait kargu akademiko izan zituen unibertsitate batzuetan, hala nola Deustu, Valladolid, Extremadura eta Konplutentsea. 1980an, lehiaketa bidez lortu zuen Zuzenbidearen Historiako katedra Euskal Herriko Unibertsitatean, eta EHUko lehen errektorea izan zen 1981ean. 1995etik jubilatu arte (2011), Zuzenbidearen Historiako katedradunaren eginkizunetan aritu zen NUPen. Bi ikasturtean, irakasle bisitaria izan zen Nevadako Unibertsitatean (Reno), eta Center for Basque Studies-en William Douglass Distinguishd Professor saria jaso zuen.
Haren ikerketa-lana Hego Euskal Herriko lurralde historikoetako erakunde politiko-administratiboen historian zentratu da. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Erdi Aroko eta gaur egungo erakundeei buruz egin zituen azterlanen artean, Bizkaiko jaurerriari buruzko monografia jada klasiko bihurtua nabarmentzen da, Bizkaiaren iragan instituzionalari buruzko ikuspuntua aldatu baitzuen.
Nafarroari buruzko azterlanak
Nafarroari dagokionez, Erresumako testu juridikoen aukeraketak eta sarrerako aurkezpen zabalek, zeinak bi liburuki handitan jasoak baitaude, ez dute parekorik penintsulako beste erresuma batzuetan. Orobat aipatzekoak dira Hego Euskal Herriko foraltasunak XIX. mendean izandako krisiari buruzko lanak, hau da, Frantziako Iraultzan inspiratutako Espainiako konstituzio arrazional berrien eta euskal foru-sistema multisekularren arteko konfrontazioari buruzkoak. Foru krisiaren ondorio gisa, Monreal irakasleak kontzertu eta hitzarmen ekonomikoen jatorria eta edukia aztertu ditu, hondarreko ogasun-erakundea, baina funtsezkoa egungo autonomiaren berezitasunean eta bideragarritasunean. Haren ikerketak orobat zentratu dira euskal pentsamendu politiko tradizionalaren historian.
Pete T. Cenarrusa Fundazioaren sari banaketara joandako ikus-entzuleak, Bisitazioko Amen eraikinean.
Bere jarduera akademikoaz gain, Monreal senatari izan zen Gorte Konstituziogileetan (1977-1979), Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren proiektua egin zuen Euskal Parlamentarien Biltzarreko kidea eta foru parlamentaria (1987-1991). Eusko Ikaskuntzako burua izan da, eta zenbait aldizkari espezializatutako zuzendaria, hala nola Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria eta Iura Vasconiae. Zenbait sari jaso ditu, hala nola Eusko Ikaskuntza eta Euskadiko Kutxa sariak (2007) eta Ikerketako Euskadi saria (2013), Eusko Jaurlaritzak emana.