Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 30 ikasle Nazioarteko Lankidetzako eta Garapeneko ikastaroa egiten ari dira udazkeneko seihilekoan, zeinean GKE-ek eta erakunde akademikoko irakasleek behar diren gaitasunen inguruko prestakuntza ematen baitiete garapeneko esku-hartzeetan modu aktiboan parte har dezaten. Izan ere, izena emandako gehienek garapenerako lankidetza unibertsitariora bideratutako Prestakuntza Solidarioko Programan hartuko dute parte heldu den ikasturtean. Programa horrek hogeita hamar bat postu eskaintzen ditu ikasturte bakoitzean praktikaldi bat nahiz gradu edo master amaierako lana Latinoamerikako, Asiako eta Afrikako herrialderen batean egiteko, NUPek eta destinoko herrialdeko goi-mailako irakaskuntza-erakunde batek koordinatuta eta haien tutoretzapean, ikasketen aitorpen akademikoarekin.

zoom Garapenerako lankidetzako ikastaroko ikasleetako batzuk, Arrosadiko campuseko ikasgelategian Alicia Chicharro irakaslearekin (lehenengoa ezkerretik).

Garapenerako lankidetzako ikastaroko ikasleetako batzuk, Arrosadiko campuseko ikasgelategian Alicia Chicharro irakaslearekin (lehenengoa ezkerretik).

Nazioarteko Lankidetzako eta Garapeneko ikastaroak, Alicia Chicharro Lázaro Zuzenbide Saileko irakasle eta Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzako Nazioartekotzearen eta Lankidetzaren Arloko zuzendariak gidatutakoak, metodologia erabat praktikoa aplikatzen du ikasleei askotariko testuinguru eta arazo sozialei buruzko gogoeta eginarazteko, modu horretan hainbat gaitasun gara ditzaten, hala nola ikuspegi globala eta kulturartekoa, erantzukizun soziala, arazoen konponbidea, pentsamendu kritikoa edo espiritu ekintzailea. Prestakuntza horretan, hainbat erakundek eta pertsonak lankidetzaren, ekonomia sozial eta solidarioaren, hezkuntza inklusiboaren, udal kudeaketa parte-hartzailearen eta kontsumo arduratsuaren esparruan gauzatutako proiektuen eta ekimenen esperientziak partekatzen dira.

Ikastaroak 32 orduko iraupena du, eta 3 ECTS kreditu aitortzen dira hura egiteagatik. Edukiak bost multzotan daude banatuak: munduko egoera eta giza garapen jasangarria (2030 Agenda, globalizazioa, migrazioak...), garapenerako lankidetza, garapen jasangarria (klima-aldaketa, ingurumeneko erronkak...), ekonomia soziala eta solidarioa eta, azkenik, nazioarteko elkartasuna. NUPeko irakasleek eta zenbait erakundetako adituek ematen dute ikastaroa, hala nola Alboan, Gurutze Gorria, Intermón Oxfam, Mugarik Gabe, SETEM Nafarroa eta Nafarroako Garapenerako GKE-en Koordinakundea.

Prestakuntza Solidarioko Programa

Ikastaro hori derrigorrezkoa da Prestakuntza Solidarioko Programa egiten duten ikasleentzat. NUPen ekimen propioa da, garapenerako lankidetza unibertsitarioaren barnekoa, eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak ere finantzatzen du. Programa horren helburua Unibertsitateko komunitatearen elkartasuna eta garapenerako lankidetzaren balioak indartzea da, baita nazioarteko lankidetzaren arloan lanbide heziketa praktikoa eskaintzea ere.

Ikasleek hiru eta sei hilabete bitarte emanen dituzte destinoko herrialdeetan. Proiektuak gauzatuko diren herrialdeetako unibertsitateekin, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin eta nazioarteko beste lankidetza-agentzia batzuekin lankidetzan eginen da programa. Ikasleek bidaia-gastuetarako laguntza bat izanen dute, baita gaixotasunak erabat barne hartzen dituen aseguru bat ere, eta ostatu eta mantenu gastuetarako dirulaguntza bat jasoko dute hilero.

Hogei urte baino gehiagoko historia duen programa honen bidez, bestalde, destinoko erakundeetako irakasle eta teknikariak NUPera etortzen ahal dira. Denbora horretan guztian, ia 500 lagunek hartu dute parte programan, eta Espainiako unibertsitateetan horrelako ekimenen erreferente bihurtu da.