Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Logistikaren Katedrak hiriko mugikortasun jasangarriaren erronkei buruzko jardunaldi bat antolatu du urriaren 31rako, osteguna. Saioak 09:30etik 13:30era eginen dira Jerónimo de Ayanz eraikinean, Unibertsitateko ikerketa-institutuen egoitzan, Arrosadiko campusean. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko, eta sarrera librea da interesa duen edonorentzat aldez aurretik izena emanda.
Ekitaldiak hiriko mugikortasun jasangarriko espezialistak elkartuko ditu, eta gure hiriek mugikortasunaren arloan dituzten erronka nagusiei buruzko ezagutzak, esperientziak eta proposamenak partekatuko dituzte. Jarduteko jarraibideak eta estrategia berritzaileak azalduko dira, mugikortasun eraginkorragoa, irisgarriagoa eta ingurumena errespetatzen duena sustatzeko.
Honako hauek dira hizlari gonbidatuak: Jaume Barceló Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko irakasle emeritua; Emilio Larrodé Zaragozako Unibertsitateko katedradun eta Sesé Katedraren zuzendaria; eta José Luis Moura Kantabriako Unibertsitateko irakaslea eta SUM+LABeko zuzendaria – Mugikortasun Jasangarriko eta Trenbide Ingeniaritzako Ikerketa Taldea. Jorge Elso Torralba NUPeko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak aurkeztuko ditu jardunaldiak.