Murtziako Unibertsitatean egin da aste honetan Unibertsitateen G-9 Taldearen Antolamendu Akademikorako Batzorde Sektorialaren bilera Topaketan izan dira Taldeko unibertsitateetako Antolamendu Akademikoko eta Kalitateko Errektoreordetzetako arduradunak, eta aztergai izan dute goi mailako hezkuntzako berrikuntzari eta irakaskuntzako kalitateari buruzko gai garrantzitsuei eman beharreko bultzada.
Murtziako Unibertsitateko errektorea eta Antolamendu Akademikoko Batzorde Sektorialeko gainerako kideak, Murtziako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Klaustroan.
Bi eguneko saioan, zenbait gairi buruzko esperientzia eta estrategiak partekatu dira, master programetako nazioarteko ikasleen kopurua handitzea, ikaskuntza-zerbitzuko baterako programen garapena eta hezkuntzako adimen artifizialaren inpaktua barne, eta eztabaidagai izan dute nola integratu etikoki teknologia horiek unibertsitateko hezkuntzan eta nola ziurtatu bai irakasleak, bai ikasleak eraginkortasunez egokitzea tresna berri horietara.
David Benito G-9 Taldeko Campus Digital Partekatuko zuzendariak 2024-2025 ikasturteko graduko ikasleentzako I. online planaren datuak aurkeztu ditu. Plan horrek 465 matrikulazio ditu gaur egun. Plan pilotu hori aurrerapausoa da titulazioetako azken ikasmailetako ikasleen curriculum tradizionaletan ikaskuntza birtualeko modalitateak sartzeko bidean.
Gainera, Lanbide Heziketaren eta unibertsitateen arteko pasabideak eta Prestakuntza Dualaren modalitatea ebaluatu dira, eta hezkuntzaren eta lan-merkatuaren arteko lotura hobetzeko aukerak nabarmendu dira.
Jardunaldian esperientziak trukatu dituzte G-9 Taldeko Doktoretza Eskolen artean, eta Murtziako Unibertsitateak bere ekimenak azaldu ditu.
Eva Ferreira batzordeburu eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea ez baitzegoen, Sonia Madrid Murtziako Unibertsitateko Ikasketen errektoreordea izan zen bileren burua. Madrid errektoreordeak nabarmendu duenez, “unibertsitate publikoen sare horrek balio handia du XXI. mendeko erronka akademikoei elkarrekin aurre egiteko, hala nola adimen artifiziala, irakaskuntza modalitate berriak eta lanbide heziketaren, unibertsitatearen eta lan munduaren arteko prestakuntza ibilbideak”.
Ildo horretan, Eva Ferreira errektoreak bilerara egindako konexio birtualean nabarmendu du “estrategia akademiko berrien balioa, hala nola Ikaskuntza-Zerbitzua, unibertsitateko ikasleek ikaskuntza eta komunitatearekiko zerbitzua eta erronka sozial handietarako orientazioa uztartu ditzaten unibertsitatean daudenean”.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea ere, azken biak entitate laguntzaile gisa.