Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleen, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta unibertsitateko ikertzaile eta ikasleen artean osotara 250 lagunek hartuko dute parte hiru egunez (atzo, osteguna, urriak 24, hasi eta bihar, larunbata, urriak 26, bukatu arte) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Arrosadiko campuseko Matematikaren Irakaskuntzari eta Ikaskuntzari buruzko Nafarroako VIII. Jardunaldietan. Bilera zientifikoa Haur Hezkuntzatik unibertsitatera bitarteko irakasleen topagunea da, eta, horrez gain, irakasleek diziplina horren didaktikari buruzko lanak, esperientziak eta kezkak komunikatzeko foroa ere bada, bai eta matematikaren kultura gizartean ikusarazteko jarduera bat ere.
NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailak antolatuak dira jardunaldiak, Nafarroako Estatistika Institutuarekin (NaStat), Irakasleei Laguntzeko Iruñeko Zentroarekin (ILZ) eta “Tornamira” Nafarroako Matematika Irakasleen Elkartearekin batera. Gainera, Casio markaren hezkuntzako dibisioaren eta Vicens Vives argitaletxearen laguntza dute.
Inaugurazio-ekitaldia atzo, osteguna, arratsaldez egin zen, eta honako hauek joan ziren ekitaldira: Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea; Carlos Gimeno Gurpegui Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria; Jesús Javier Jiménez Ibáñez “Tornamira” elkarteko burua; Pablo Cebrián Jiménez NaStat institutuaren zuzendaria; eta Aitzol Lasa Oyarbide NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslea eta batzorde antolatzaileko kidea.
Estatistika, jardunaldiak hasteko
Eduardo Sáenz de Cabezón Irigaray matematikari, Errioxako Unibertsitateko irakasle eta dibulgatzaile zientifikoak jardunaldietako hasierako hitzaldia eman zuen “Gehiengoaren begitazioa” izenburupean. Ondoren, beren lanak aurkeztu zituzten Inkesten eta Esperimentuen Habia lehiaketan parte hartu duten ikasleek. DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan estatistika-lana eta ikerketa operatiboa sustatzeko urtero egiten den lehiaketa bat da. Hezkuntzako funtsezko tresna gisa estatistikari buruzko mahai-inguru batek eman zion amaiera jardunaldiari, eta urriaren 20an urtero egiten den Estatistikaren Europako Eguna ospatzeko ere balio izan zuen.
Topaketa zientifikoaren egitarauan komunikazioak eta lantegi praktikoak daude, eta bihar, larunbata, emanen dio amaiera “Estatistika problemen ebazpenaren bidez” hitzaldiak. Pablo Beltrán-Pellicer Zaragozako Unibertsitateko irakasle eta matematikaren didaktikako ikertzaileak emanen du hitzaldia.