Joan eduki nagusira

Nafarroako 22 ikastetxetako 110 ikaslek parte hartuko dute bihar eta larunbatean, urriak 25 eta 26, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Parlamentuak antolatutako Batxilergoko XV. Eztabaida Lehiaketan. Honako gai honi buruz eztabaidatuko dute: Baliabide naturalak kendu zaizkielako al dira pobreagoak hirugarren munduko herrialdeak? Finala 11:15ean hasiko da (euskaraz, lehenengo aldiz, zazpi ikastetxerekin) eta 12:00etan (gaztelaniaz, 15 ikastetxerekin) Nafarroako Parlamentuaren egoitzan. Lehiaketari buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

zoom Ikasleak, NUPen egindako txapelketaren aurreko prestakuntzan.

Ikasleak, NUPen egindako txapelketaren aurreko prestakuntzan.

Gaztelaniako modalitatean, ikastetxe hauetako 75 ikaslek hartuko dute parte: Nuestra Señora del Huerto ikastetxea, Navarro Villoslada BHI, San Ignacio ikastetxea, Benjamín de Tudela BHI, Hijas de Jesús (Jesuitinas), Sagrado Corazón ikastetxea, Miravalles-El Redín, Paz de Ziganda ikastola, Dominicas ikastetxea, San Cernin ikastetxea, Escolapios Calasanz ikastetxea, Monjardín lizeoa, Julio Caro Baroja BHI, Basoko BHI, Vedruna eta Luis Amigó ikastetxea. Euskarako modalitatean, ikastetxe hauetako 35 ikaslek hartuko dute parte: Paz de Ziganda ikastola (bi modalitateetan parte hartuko du), Biurdana BHI, Iturrama BHI, Lekaroz BHI, Eunate BHI, San Fermin ikastola eta Alaitz BHI.

Hain zuzen, ikasleek lehiatzen ikasteko ekitaldi bat da, Nafarroako ikastetxe publiko eta itunduetako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendua. Aukera ona da ikasleek zenbait trebetasun gara ditzaten, hala nola jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko graduko ikasketekin lotutako gaitasun orokor edo zeharkako zenbait osatzen dituzte.

Lehiaketari buruzko zalantzak argitu eta orientabidea jasotzearren, NUPen duela gutxi egin ziren prestakuntza-saio batzuetan hartu zuten parte izena emandako ikasleek.

Lehiaketaren nondik norakoak

Norgehiagoka bi talderen artekoa izanen da beti. Aldez aurretik zozketa bidez erabakitako aurkako jarrerak defendatu beharko dituzte, txanda itxitan, sarrera bat, bi gezurtatze eta ondorio bat izanen dituen hitza hartzeko txanda banatan.

Unibertsitateko komunitateko kideek eta antolatzaileek gonbidatutakoek osatuko dute epaimahaia, eta alderdi hauek balioetsiko ditu: sarrera, gezurtatze eta ondoriorik onenak, taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna, interesa eta erraztasuna, segurtasuna eta gaia menderatzea, inprobisatzeko gaitasuna, mintzaira diskurtsoari begira egokia izatea, eta arintasuna erantzutean.