Joan eduki nagusira

Blanca Acha Santamaría farmazialariak (Burgos, 1989) azaldu duenez, DNAren metilazioan gertatzen diren aldaketa jakin batzuk tresna eskuragarri eta ez hain inbaditzaile gisa erabil litezke odol-lagin sinple batetik abiatuta Alzheimer gaixotasuna detektatzeko. Aurrerapen horrek ahalbidetu lezake gaitz neurodegeneratibo hori goizago eta zehatzago detektatzea, batez ere oroimenari eta beste funtzio kognitibo batzuei eragiten baitie. Hala jaso du bere doktoretza-tesian. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu eta  Navarrabiomeden garatu du. Foru Gobernuaren eta erakunde akademikoaren ikerketa biomedikoko zentroa da Navarrabiomed.

zoom Blanca Acha Santamaría, NUPeko doktore berria.

Blanca Acha Santamaría, NUPeko doktore berria.

DNAren metilazioa gure geneak kontrolatzeko mekanismo gisa jarduten duen prozesu biologikoa da. Prozesu horretan, talde kimiko txiki bat (metilo talde bat) DNAren zati espezifiko batekin lotzen da, eta horrek geneen adierazpena aktibatu edo desaktibatu dezake, eta, horrela, zelulen funtzionamendu normalari eragin diezaioke.

Blanca Achak Alzheimer gaixotasuna duten pazienteen DNAren metilazioan izandako aldaketa jakin batzuk identifikatu zituen, kontrol osasuntsuekin alderatuta, eta, beraz, odol periferikoan DNAren metilazio-biomarkatzaileak erabiltzea “etorkizun handiko tresna da gaitz horren zehaztasun diagnostikoa hobetzeko, biomarkatzaile periferikoen panel baten parte gisa”, ikertzailearen arabera. Gainera, emaitzek azpimarratzen dute garrantzitsua dela genero-ikuspegitik ikertzea Alzheimerren gaixotasunaren diagnostikorako tresna berriak bilatzeko.

Alzheimerra gehiago ezagutzea

Emaitza horiek “DNAren metilazioak Alzheimer gaixotasunaren patologian inplikazioa izan dezakeelako hipotesia babesten dute”, esan du Blanca Achak. Maite Mendioroz Iriarte eta Idoia Blanco Luquin Navarrabiomedeko Neuroepigenetika Unitateko ikertzaileek zuzendu dute tesia, eta Ignacio Encío Martínez NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakaslea izan da tutorea.

Doktoretza-tesia egiteko, Blanca Achak osasun arloko ikerketan prestatzeko doktoretza aurreko kontratu bat izan du, Carlos III Ikerketa Institutuak finantzatua. Erakunde horrek, halaber, dirulaguntza bat eman zion Ikerketa Sanitarioen Funtsaren (FIS) deialdian Neuroepigenetikako taldeari, non egin baita doktoretza-tesia. Hala, doktoretza aurreko egonaldi bat egin zuen Bartzelonako Santa Creu i Sant Pau ospitaleko Neurologia Zerbitzuko Memoria Unitatean.

Curriculum laburra

Blanca Acha Farmazian graduatua da Salamancako Unibertsitatean, analisi klinikoetako arloko mediku espezialista eta Navarrabiomedeko Neuroepigenetikako Ikerketa Unitateko kidea.

Bere ikerketa-ibilbidean, lau ikerketa-proiektutan hartu du parte, eta 44 komunikazio aurkeztu ditu Espainiako eta nazioarteko kongresuetan, laborategi klinikoaren eta neurologiaren arloan. Gainera, hamahiru artikulu argitaratu ditu laborategi klinikoaren eta neurologiaren arloko Espainiako eta nazioarteko aldizkarietan, eta bi kapituluren egilea da Manual de medicina de laboratorio para Atención Primaria eta Enfermedades neurodegenerativas y priónica. La importancia del informe de laboratorio liburuetan.