Joan eduki nagusira

Urriaren 31n amaituko da desgaitasunari buruzko Ikasketen amaierako lan hoberenaren IX. sarira eskaerak aurkezteko epea. Unibertsitatea eta Ezgaitasuna elkarteak egin du sarirako deialdia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek osatzen dute elkartea. Deialdia beren lanak azkeneko bi ikasturteetan, hots, 2022ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 15era arteko epean aurkeztu dituzten NUPeko graduko eta masterreko ikasleei zuzentzen zaie.

zoom NUPeko ikasleak, Arrosadiko campuseko Ikasgelategian.

NUPeko ikasleak, Arrosadiko campuseko Ikasgelategian.

Lanen gaiak zerikusia izan behar du desgaitasunarekin eta desgaituen bizi-kalitatea hobetzearekin, eta edukiak ez du egon behar inolako konfidentzialtasun klausularen mende. Gainera, lortutako nota oso ongi edo handiagoa izan behar da (7 puntu edo gehiago). Lanak sariaren aurreko edizioan aurkeztu gabeak izan behar dira.

Lanak baloratzeko, haien gaztelaniazko laburpenean oinarrituko dira epaimahaiko kideak, eta lanen edo proposatutako konponbidearen originaltasuna, ekarpenak (kontzeptualak, praktikoak, etab.) eta aplikagarritasuna hartuko dituzte kontuan. Erabakia azarotik aurrera emanen da ezagutzera, eta aldez aurretik iragarritako ekitaldi publiko batean emanen da saria.

Gehiago jakin nahi baduzu, begiratu “Unibertsitatea eta Ezgaitasuna” elkartearen webgunean. Elkarte horren helburua desgaitasunaren inguruko ikerketa eta irakaskuntza babestea da, baita behar dutenei beren esperientzia eta laguntza emateko modua duten pertsonak harremanetan jartzea ere.