Joan eduki nagusira

Unibertsitateen G-9 Taldeak, zeinak Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide baitu, ikasleak onartzeko prozesuen etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa berretsi du; ahalegin hori bat dator Errege Dekretuan ezarritako xedapenekin eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak (CRUE) berriki emandako jarraibideekin. Aste honetan Oviedoko Unibertsitatean Juan Carlos Ayala Errioxako Unibertsitateko errektorea batzordeburu zela Ikasleen Batzorde Sektorialak egin duen bileran, Ikasleen Gaietarako Errektoreordetzetako arduradunek G-9 Taldearen Onarpeneko lantaldearen aurrerapenak ezagutu dituzte. Lantaldea koordinatuta ari da lanean unibertsitate bakoitzeko Unibertsitatean Sartzeko Proba (USP) CRUEk onartutako irizpideetara egokitzeko. 

Bileran, G-9 Taldeko unibertsitateetako ikasleen kontseiluetako ordezkariekin ere bildu dira. Kontseilu horiek elkarte bihurtu dira berriki. Baterako lanean sakontzeko eta hitzarmenen bidez formalizatutako etorkizuneko lankidetza baterako bideak urratzeko aukera eztabaidatu da. 

zoom G-9 Taldearen Ikasleen batzorde sektoriala Oviedon, bi errektoreak irudiaren erdian direla.

G-9 Taldearen Ikasleen batzorde sektoriala Oviedon, bi errektoreak irudiaren erdian direla.

Bestalde, Europa Taldeak eta Diario de Navarra Fundazioak G-9 Taldearen laguntzarekin antolatutako Europako Udako Ikastaroetan Taldeko unibertsitate publikoetako ikasleek izandako parte-hartzearen balantzea aurkeztu da. Ikastaroek taldeko hizlariak izan dituzte, eta kredituak aitortzeko aukera eskaintzen dute, eta G-9 Taldeak nazioartekotzeko eta beste entitate batzuekin lankidetzan jarduteko duen asmoaren erakusgarri dira, batzorde sektorialaren iritzian.  

Ignacio Villaverde Oviedoko Unibertsitateko errektorek eta Alfonso López Muñiz Oviedoko Unibertsitateko Ikasleen Gaietarako eta Enplegagarritasunerako errektoreordeak harrera egin diete batzordekideei, eta orobat eztabaidan jardun dute ikasleen partaidetzarako planetan jorratu beharreko puntuez eta G-9 Taldeko unibertsitateetan egiten ari diren edo abian jar litezkeen ikasleen arloko esperientzia berritzaileez. 

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea ere, azken biak entitate laguntzaile gisa.