Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak eta Patricia Fanlo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, Ramón Gonzalo NUPeko errektorearekin batera, Nafarroako IRIS Berrikuntza Digitalerako Guneak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean izanen duen egoitza egokitzeko lanak bisitatu dituzte. Birmoldaketa-lanak maiatz erdialdean hasi ziren, eta aurrera doaz aurreikusitakoaren arabera. Egokitzen ari diren gunea eraikineko 4. solairuan dago, eta 1.440 m2-ko azalera eraikia eta 1.288m2-ko azalera erabilgarria ditu.
Ezkerretik eskuinera: Ion Arrizabalaga Nafarroako IRIS Berrikuntza Digitalerako Gunearen koordinatzailea; Fanlo kontseilaria; Gonzalo errektorea; Irujo kontseilaria; eta Agurtzane Martínez Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako zuzendari nagusia. (Nafarroako Gobernua).
Nafarroako IRIS Berrikuntza Digitalerako Gunearen egoitza berriaren helburua da lidergo publikoa bateratzen laguntzea sektore estrategikoetan, aholkularitza- eta prestakuntza-programak, talentua erakartzea, ekintzailetzari laguntzea eta maila guztietako I+Gko proiektuak. Orobat nafar gizartearen transformazio digitaleko erronkei erantzun nahi die eta berrikuntzako eta digitalizazioko leihatila bakarra izan nahi du, eta espezializazio teknologikoa bultzatu Nafarroan. Gunearen xede estrategikoa da Nafarroa, Espainian eta nazioartean, aitzindari gisa posizionatzea espezializazio teknologikoko 5 arloren garapenean: bioteknologia eta biologia sintetikoa; zibersegurtasuna; datuen zientzia eta adimen artifiziala; elementu konektatu seguru eta adimendunak, eta doitasunezko medikuntza pertsonalizatua.
Ramón Gonzalo errektoreak nabarmendu du proiektu horrek “argi eta garbi erakusten duela Unibertsitateak Nafarroako Gobernua buru duen espezializazio adimenduneko estrategia garatzeko duen konpromisoa”. Horrez gain, esan du “Gunearen egoitza NUPeko El Sario eraikineko lokal batzuetan jartzea berrikuntza digitalaren aldeko apustua dela lankidetza publiko-pribatuaren eta unibertsitatea erreferente den elkarlanaren bidez”. Errektoreak orobat azpimarratu du “administrazioen baterako lanaren garrantzia Nafarroaren garapen ekonomiko eta sozialean aurrerapenak lortzeko”.
Bestalde, lanetara egindako bisitan, Fanlo kontseilariak azpimarratu duenez, “gune hori funtsezko tresna izango da Foru Komunitatearen etorkizunerako, eta, gainera, unibertsitatean eta enpresetan sortutako talentu teknologikoaren arteko lotura erraztuko du, berrikuntza eta digitalizazioa bizkortzeko eta lurraldearen lehiakortasuna sendotzeko”. Horrez gain, Fanlok azpimarratu du azpiegitura hori Departamentuaren hurrengo aurrekontuetan sartutako beste ekimen batzuei gehitzen zaiela, hala nola Osasun Zientzietako Fakultate berria, ‘Building & Architecture Building’ (BAI) deritzanaren eraikuntza eta NUPen Tuterako campuseko inbertsioak, osotara 17milioi eurokoak. “Hamarkadak dira ez dela hainbeste diru bideratzen talentua indartzeko azpiegituretara, eta gai horri buruz Nafarroako Gobernuak duen konpromisoaren erakusgarri da”, esan du.
Bestalde, Irujo kontseilariak gogorarazi duenez, “Euskal Taldea-EAJk 2022ko Estatuko Aurrekontuetarako zuzenketa parlamentario bati esker lotutako 5 milioi eurorekin eginen da ekipamendua. 2022an eta 2023an zehar, Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko Departamentuak gogoeta irekia eta parte-hartzailea egin zuen IRIS Berrikuntza Digitalerako Gunea osatzen duten eragile guztiekin eskuratu beharreko ekipamenduari, beharrei eta estrategiari buruz. Gogoeta publiko-pribatu horri esker, abian jartzekotan den ekipamendua erosi zen, eta berri ona da lanek aurrera jarraitzea arin”.
Ekipamendua
Guneak biologia sintetikora eta bioteknologiara bideratutako bi laborategi izanen ditu: biologia molekularreko eta sekuentziazioko laborategi bat eta Biofoundry bat. Biek azken belaunaldiko ekipamendua izanen dute, eta horri esker Nafarroak aplikazio aipagarriak izanen ditu Nafarroako Espezializazio Adimenduneko S4 Estrategiako arlo guztietan, bereziki osasunaren, nekazaritzako elikagaien eta energiaren arloan.
Bestalde, adimen artifizialeko eta zibersegurtasuneko zerbitzu aurreratuak egiteko gaitasun handiko ekipamendua duen Laborategi Digital bat izanen du. Era berean, egoitza berriak Ekoizpen Birtualeko Laborategi bat izanen du proiektu bakoitzean eskatzen diren benetako eszenategiekin, aktoreekin eta atrezzoarekin integratuko diren eszenografia birtualen ezarpenean eta garapenean prestatzeko eta testatzeko.
Orobat, lankidetza publiko-pribaturako espazioak sortzeko, Guneak ekipatutako lau bilera-gela izanen ditu, bai eta erabilera anitzeko 200m2-ko gela bat ere, ikus-entzunezko sektorearen balio-kateko bazkideen artean sinergiak eta proiektu komunak ezartzeko, eta digitalizazioaren eremu guztietan hitzaldiak, tailerrak eta prestakuntza-jardunaldiak egiteko.
Egoitzak coworking-eko 225 m2-ko gune bat izanen du. Gune horrek 50 lanpostu izanen ditu, eta han lan eginen dute zenbait entitatetako langileek, hala nola Navarra Cybersecurity Center (NavCC), NAIR Center, Aditech, Building & Architecture Institute (BAI) eta NASERTIC.
IRIS
Nafarroako IRIS Berrikuntza Digitalerako Gunea ekosistema publiko-pribatu bat da, eta haren kide dira Nafarroan berrikuntzaren esparruan dauden 40 eragile aipagarrienak. Nafarroako Gobernuak bultzatua, NASERTIC enpresa publikoak kudeatzen du Nafarroako IRIS, eta gune hori leihatila bakarra eta erreferentziazko lekua da Foru Komunitateko eragileen berrikuntza eta transformazio digitala azkartzeko.
Nafarroako IRISek nafar gizarteko sektore guztien eskura jartzen du zerbitzuen eskaintza bat, heldutasun digitalaren maila edozein dela ere. Horrez gain, prestakuntza espezializatuen eskaintza zabala du bai enpresek eta bai administrazio publiko eta herritarrek beren berrikuntza digitaleko proiektuak egin ditzaten.