Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ikusgai dago “El ABC que salva vidas” erakusketa. Ekimenaren helburua da unibertsitateko komunitatea sentsibilizatzea oinarrizko bizi-euskarriaren (OBE) eta bihotz-biriketako bizkortzearen (BBB) garrantziaz. Erakusketa Bihotz Gelditzearen Nazioarteko Egunaren harira antolatu da, eta “El ABC que salva vidas” elkarteak sustatutako jardueren artean dago. Elkartearen helburua da berpizte-tekniken ezagutza eta haiei buruzko prestakuntza zabaltzea, teknika horiek funtsezkoak baitira bihotz-gelditze bat gertatzen denean arin eta eraginkortasunez jokatzeko.

Erakusketa Arrosadiko campuseko 3. solairuan dago ikusgai, eta 08:00etatik 21:00etara bisitatzen ahal da urriaren 31ra arte. Panel informatibo batzuek osatzen dute, eta biziraupen-katearen funtsezko urratsak zehazten ditu, hala nola larrialdi bat gertatu dela jakitea, bihotz-birikak suspertzeko maniobrak aplikatzea eta kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzea. 

zoom Ezkerretik eskuinera: Clint Jean-Louis, Diego Reyero, Carlos Beaumont eta Javier Fernández, “El ABC que salva vidas” elkarteko kideak, zeinak antolatu baitu erakusketa.

Ezkerretik eskuinera: Clint Jean-Louis, Diego Reyero, Carlos Beaumont eta Javier Fernández, “El ABC que salva vidas” elkarteko kideak, zeinak antolatu baitu erakusketa.

Bihotz Gelditzearen Nazioarteko Eguna (“World Restart a Heart Day”) urriaren 16an ospatzen da urtero, eta bihotz-biriketako bizkortzearen eta desfibriladoreak eskura izatearen garrantziaz sentsibilizatu nahi duen nazioarteko ekitaldi bat da. 

El ABC que salva vidas”  erakundeak antolatu du erakusketa. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta Osasunbideko eta Nafarroako Gobernuko Suhiltzaileen Zerbitzuko profesionalek osatzen dute, eta bat-bateko heriotza-tasa handia dela-eta herritarren artean bizkortze-maniobrei buruzko ezagutza zabaltzen saiatzen da.