Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen bidez, “Genero-ikuspegia duen historia” izeneko hitzaldi-zikloa antolatu du. Bihar, asteazkena, urriak 23, hasiko da LGTBI kolektiboak frankismoan jasandako errepresioari buruzko saio batekin. Geoffroy Huard de la Marre Mouret historialari eta CY Cergy Paris Université-ko (Frantzia) irakaslea da hizlaria. Diktadurako eta Trantsizioko urteetan, Foru Komunitatean, talde horrek jasandako errepresioari buruzko txosten bat egiteko eskatu zion Nafarroako Gobernuak historialariari. Hitzaldia (“El franquismo LGBT. Un recorrido por los archivos judiciales”) sarbide librekoa da, eta 12:00etan hasiko da Arrosadiko campuseko ikasgelategiko 116. ikasgelan (lehen solairua).

Geoffroy Huard de la Marre Historiako eta Soziologiako doktorea da Cádizeko Unibertsitatean eta Amienseko Unibertsitatean (Aparteko Sariarekin), eta doktoretza ondoko egonaldi bat egin du Cambridgeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Orobat “visiting scholar” izan da Johns Hopkins Unibertsitatean (Estatu Batuak). Guy Hocquenghem-en “El deseo homosexual” eta Didier Eribon-en “Escapar del psicoanálisis” lanak itzuli ditu gaztelaniara, eta zenbait lan argitaratu ditu, hala nola “Los invertidos. Verdad, justicia y reparación para gais y transexuales bajo la dictadura franquista”, “Los gais durante el franquismo” eta “Los antisociales. Historia de la homosexualidad en Barcelona y París, 1945-1975”.