Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Testua ikerketa-taldearen bidez eta Maiatz euskal literatur elkartearekin lankidetzan, euskarazko hitzaldi bat antolatu du heldu den ostegunerako, urriak 24. Honako hau da hitzaldiaren izenburua: “Antso Azkarra, kondaira eta historiaren artean”. Hitzaldia 19:00etan hasiko da Bisitazioko Amen eraikineko Ansoleaga aretoan (sarrera San Frantzisko kaleko 5 zenbakitik), eta Roldán Jimeno Aranguren Zuzenbidearen eta Erakundeen Historiako katedradun eta erakunde akademikoko I-COMMUNITAS Institutuko ikertzaileak emanen du. Ez da sarrerarik behar, eta aretoa bete arte onartuko da jendea.
Nafarroako errege Antso VII.a Azkarrari (1154-1234) buruzko hitzaldia izanen da, eta historian izan duen zeregina eta literaturan eta kondairan izan duen proiekzioa izanen ditu aztergai. Analisia oinarritzen da Antso Azkarrari buruzko gesta-kantaren berrargitalpen elebidun berrian. Marc Légassek 1945ean idatzi eta Piarres Lafittek euskaratu zuen gesta-kanta. Testua Gure Herria aldizkarian argitaratu zen hasieran, eta Maiatz argitaletxeak berreskuratu du. Horri esker, beste irakurle batzuek ere aukera dute Antso Azkarraren alderdi historikoa eta mitikoa aztertzeko.
Ekitaldia bereziki zuzentzen zaie euskara ikasten ari direnei, eta historiaren eta literaturaren arteko loturetan sakontzeko aukera eskaintzen du. Hitzaldiak beste kultur erakunde batzuen babesa ere badu, hala nola Nafar Ateneoa, Karrikiri, Zaldiko Maldiko eta Hatsa Elkartea.
Hizlariaren biografia
Roldán Jimeno, NUPeko idazkari nagusia, Zuzenbidean lizentziaduna da UHUNen, Historiakoa Nafarroako Unibertsitatean (aparteko saria eta karrera amaierako hirugarren sari nazionala irabazi zituen), Historiako doktorea Nafarroako Unibertsitatean, Filosofiako eta Hezkuntza Zientzietako doktorea EHUn eta Zuzenbideko doktorea Deustuko Unibertsitatean.
Hogeiren bat libururen egilea da, ehun artikulutik gora argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan eta hainbat elkarlan egin ditu. Antso Azkarrarekin lotutako argitalpenen artean, nabarmentzekoak dira “Colección documental de Sancho VII el Fuerte (1194-1234)”, zeina José María Jimeno Juríorekin batera egin baitzuen eta Ambrosio Huici Mirandaren “Estudio sobre la campaña de las Navas de Tolosa” lanaren edizio kritikoa.