Joan eduki nagusira

Osagai anitzeko ariketa fisiko pertsonalizatuko programa bat “estrategia ziur eta esperantzagarria” da ospitaleratutako adinekoen deliriuma tratatzeko.  Praktika horrek zenbait ariketa mota konbinatzen ditu hainbat gaitasun fisiko hobetzeko, hala nola indarra, oreka edo koordinazioa, eta bereziki aplika dakioke delirium mota berezi bati: azpimota hipoaktiboa, non pazienteak logura eta ez oso erreaktibo izaten baitira. Hala baieztatu du Lucía Lozano Vicario (Burgos, 1990) Osasunbideko geriatrak bere doktoretza-tesian. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu eta Navarrabiomeden garatu du. Foru Gobernuaren eta erakunde akademikoaren ikerketa biomedikoko zentroa da Navarrabiomed.

zoom lucia lozano

Lucía Lozano Vicario, NUPeko doktore berria.

Deliriuma sindrome neuropsikiatriko larria da eta oso ohikoa adinekoetan, eta desgaitasuna eta narriadura kognitiboa eragiten ditu. Egun, ez dira zehatz-mehatz ezagutzen hura eragiten duten mekanismo fisiopatologikoak eta ez dago hura sendatzeko tratamendu eraginkorrik ere. 

Desgaitasunari aurrea hartzea

“Esku-hartze farmakologikoek ez dute eraginkortasunik izan deliriumaren tratamenduan”, adierazi du Lucía Lozanok, eta ariketa fisiko pertsonalizatu eta askotarikoak (osagai anitzekoak) sindrome hori dela-eta ospitaleratuta dauden adinekoengan duen eragina ikertu du. “Ariketa fisikoa egiteak ez du bakarrik desgaitasun nosokomiala prebenitzen, hau da, ospitaleko egonaldiak eragindako funtzio fisikoaren galera, baizik eta deliriuma konpontzen ere laguntzen ahal du, eta onura horiek mantendu eginen lirateke alta medikoa jaso ondoren”, adierazi du tesiaren egileak. Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoa, Osasuna eta Bizi Kalitatea (E-FIT) ikerketa-unitateko bi ikertzaile hauek zuzendu dute tesia: Mikel Izquierdo Redín NUPeko katedraduna eta Nicolás Martínez Velilla Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Geriatria Zerbitzuko burua.

Aldi berean, deliriuma nork garatu zezakeen aurreikusteko moduak aztertu zituen ikertzaileak biomarkatzaileak erabiliz, zeinak gorputzean kuantifikatu daitezkeen molekulak baitira, hala nola proteina bat edo zelula bat, eta gaixotasun baten presentzia edo egoera adieraz dezakete eta odol, gernu edo beste ehun batzuen laginetatik lortzen dira.  Zehazki, odolean dagoen biomarkatzaile mota bat aurkitu zuen, gorputzean hantura adierazten duena (CXCL9 kimiokina eta C proteina erreaktiboa).

Baliteke biomarkatzaile horiek garuneko hanturarekin lotuta egotea, eta “badirudi lotura esanguratsua dutela adineko helduen deliriuma izateko arriskuarekin”. “Biomarkatzaileen erabilerak lagun lezake sindrome horren garapenean inplikatutako prozesu fisiopatologikoen ezagutzan sakontzen, bai eta deliriuma tratatzeko ohiko praktika klinikoaren osagarri izan litezkeen tresna objektibo eta ez oso inbaditzaileen sorkuntzan ere”, adierazi du tesiaren egileak. Tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Curriculum laburra

Lucía Lozano Vicario Medikuntzan graduatu zen 2014an Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta espezialista da BAME bidezko Geriatrian, zeina Getafeko Ospitale Unibertsitarioan egindako prestakuntza baita (2015-2019). 2018an, Zainketa Aringarrietako Masterra egin zuen Rey Juan Carlos Unibertsitatean, NUPen doktoratu aurretik.

2020tik geriatra-lanetan aritzen da Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, eta han asistentzia-lana eta irakaslana eta ikerketa-lana egiten ditu batera.

Irakasle gisa, Nafarroako Unibertsitatearekin lankidetzan jardun du, eta Geriatria irakasgaiko mintegi praktikoak eman ditu Medikuntza Fakultatean. Orobat NUPeko eta Nafarroako Unibertsitateko Medikuntzako ikasleen tutoretza egiten du Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan egiten dituzten prestakuntzako txandaketetan. Han, geriatriako barneko mediku egoiliarren prestakuntzan ere hartzen du parte.

Ikertzaile gisa, Navarrabiomedeko Geriatria eta Zahartze Aktiboa (INGEA) ikerketa-unitateko kidea da, eta 2016tik gaur arte I+Gko zenbait proiektutan hartu du parte (bi Europar Batasunak finantzatuak beste batzuekin batera, eta hirugarren bat Nafarroako Gobernuak finantzatua).

Doktoretza-tesian deliriumari buruz egindako ikerketari esker gaiari buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu inpaktu handiko aldizkarietan eta nazio mailako eta nazioarteko biltzarretan aurkeztu ditu emaitzak, eta haietan hizlari gisa ere parte hartu du. 

Orobat, lankidetzan jardun du Geriatriako eta Gerontologiako Espainiako Elkartearen (SEGG) Aldakako hausturari buruzko jardunbide kliniko egokiaren gidaliburuan deliriumari buruz dagoen kapitulua egiten. Elkarte horretan, Deliriumari buruzko lantaldeko idazkaria da eta “Revista Española de Geriatría y Gerontología” aldizkariko Argitalpen Batzordeko kidea.